Urtez urte errotutako ekitaldiez gainera, izango da nobedaderik. Bada, irailaren 28rako play-back lehiaketa antolatu dute; Gau Argi tabernan eman behar da izena parte hartzeko.
Bost gastronomia lehiaketa eta bi musika kontzertu izango dira sanmigeletan (Kaotiko, Koban...), eta urriaren 5ean kalera txapela jantzita irteteko deia egin dute jai batzordekoek. Txapela buruan eta ibili munduan, halaxe deitu diote ekimenari. Mozorro egunean, Gure Olinpiadak islatuko dituzte, bertakoak diren askotariko kirolak erakustera gonbidatuko dituzte herritarrak. Anderebide elkarteak antolatuta antzerkiaz gozatzeko aukera emango dute herriko jaiek, eta HEKI herri kirolen elkartearen eskutik hainbat saio antolatuko dira. Gazte Eguna eta futbol festa ere egongo dira.
Herri krosa eta pailazoak
Aurreko asteburuan ere izango da ekitaldirik Iurretan. Zaldai mendi taldeak antolatuta mendi martxa izango da irailaren 22an. Era berean, Pirritx eta Porrotxek ikuskizuna eskainiko dute Aita San Migel plazan. Irailaren 23an, berriz, herri lasterketa familiarra egingo dute La Otra Mirada elkartekoek antolatuta. Asto probak ere egongo dira asteburu horretan.