Iurretako pilotalekuan bakarrik jokatuko dituzte Cafes Baqué txapelketako partidu guztiak

Joseba Derteano 2018ko ira. 6a, 08:00
Iazko finaleko aurkezpena.

Gaur hasi eta urriaren 11n amaituko da.

Eskualdeko hainbat herritan txandaka jokatzen zen txapelketa moduan hasi zen orain 33 urte. Azken urteetan Bizkaiara zabalduta egon da eta iaz, berriro, Durangaldean zentratu ziren jardunaldi guztiak. Iurreta zen epizentroa, baina finalerdi bat, esaterako,  Durangok hartu zuen. Aurten Iurretako Olaburu pilotalekuan bakarrik jokatuko dira partiduak.

Gaur hasita, datozen hiru asteetako eguenetan eta barikuetan —19:00etan hasita— jokatuko dituzte kanporaketak. Finalerdia urriaren 4an da, eta finala 11n.

Buruz buruzko txapelketan maila bi daude: kadeteak eta gazteak. Maila bakoitzean 16 pilotari ariko dira, lau multzotan banatuta. Tartean Durangaldeko hainbat pilotari daude: Ituarte atxondarra eta Pascual zaldibartarra kadeteetan; Odiaga eta Prol iurretarrak, Axpe atxondarra eta Lazkano eta Atutxa zornotzarrak gazteetan.

Bizkaiko Pilota federazioak antolatzen du txapelketa, Cafes Baqueren babesarekin eta Iurretako Udalaren laguntzarekin.

Hauxek dira lehenengo jardunaldi bietako partiduak:


Irailak 6, 19:00

Kadeteak: Artaraz (Zeanuri)-Bustamante (Muskiz)

Kadeteak: Rekalde (Dima)-Ibarloza (Markina)

Kadeteak: Allende (Ortuella)-Elorza (Galdakao)

Kadeteak: Perez (Ortuella)-Erlezaga (Mungia)

Irailak 7, 19:00

Gazteak: Odiaga (Iurreta)-Axpe (Atxondo)

Gazteak: Azkueta (Usansolo)-Urigoitia (Zeanuri)

Gazteak: Egaña (Dima)-Cortazar (Ortuella)

Gazteak: Iglesias (Zaratamo)-Martin (Bermeo)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!