"Nahiz eta Munduko Txapelketako finalera sailkatu ez, oso pozik nago egin dudan lanagaz"

Maialen Zuazubiskar 2018ko uzt. 10a, 13:00

Argazkia: somosatletismo

Durangaldea Runningeko korrikalariak 33. postuan amaitu du.

Gaur amets bat betetzeko aukera izandu June Arbeo Sarriugartek. Urte guztian zehar egindako denboraldi bikainari esker, Durangaldea Runningeko korrikalariak Tamperen (Finlandia) jokatutako Munduko Txapelketan parte hartzeko aukera izan du. "Denboraldi honetan egin dudan lan guztiaren saria izan da Munduko Txapelketan parte hartzea", aitortu dio Arbeok ANBOTOri proba amaitu eta lasterrera. Gainera, munduko korrikalaririk onenekin aritzea "hunkigarria" eta "oso berezia" izan zela adierazi du.

Arbeok 3.000 metroko oztopodun proban parte hartu du eta 33. postuan amaitzea lortu du. "Nahiz eta Munduko Txapelketako finalera sailkatu ez, oso pozik nago egin dudan lanagaz. Lasterketan oso ondo sentitu naiz", jarraitu du Arbeok.

Iurretako korrikalariak 10.38.52ko denbora egin du bere lehenengo Munduko Txapelketan, bere marka pertsonaletik segundo batera geldituz. "Hasieratik oso bizkor irten gara eta, azkenean, nire marka pertsonala baino segundo bat gehiago egin dut. Horrek amorru apur bat eman dit", jarraitu du.

Hemeretzi urte baino ez ditu Iurretako korrikalariak eta atletismoan etorkizuna duela erakutsi du. Denboraldi bikaina eginda eta bere lehen Munduko Txapelketan parte hartuta, horrelako txapelketa gehiagotan egotea du erronka etorkizunean. "Harro egoteko moduko lana egin dudala uste dut, eta etorkizunean horrelako txapelketa gehiagotan parte hartzeko borrokatuko naiz", amaitu du Arbeok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!