“Lagunartean inoiz hamabi ordu ere egin ditugu jarraian dardo-jokoan”

Aitziber Basauri 2018ko uzt. 6a, 19:40

Martitzenean abiatu zen David Davila Seulera (Hego Korea), Phoenix Summer Festival munduko dardo txapelketan parte hartzera. Joan aurretik egindako elkarrizketan pasioz egin du berba dardo-jokoaren inguruan. Dardoetan orduak eman arren, beti gehiagoren gogoz gelditzen dela aitortu du. Criquet eta 501 dardo-jokoetan aritzen da batez ere, eta 2017an jokalari berririk onena aukeratu zuten. Taldea 7-8 lagunek osatzen dute; bikoteka Xabi Aiestaran durangarragaz jokatzen du.

Uztailaren 6tik 8ra bitartean Phoenix Summer Festival munduko dardo txapelketan lehiaktuko zara.  Urduri zaude?
Oso urduri. Munduko onenekin jokatuko dut. Gainera, ez naiz inoiz Europatik kanpo lehiatu. Urte osoan jokatzen den Espainiako txapelketa irabazita lortu nuen saria, Seulera joatea. Azken saioan lortu nuen finalerako hamaseikoan sartzea.

Zein da zure helburua?
Disfrutatzea eta ikastea. Jokatzen dudan txapelketa edo partida bakoitzean zerbait ikasten dut eta horretara noa, ikastera. Gainera, irabazi dut saria: Seulerako bidaia eta esperientzia bizi ahal izatea.

Noiz hasi zinen dardoetan jokatzen?
Orain 14 bat urte. Durangoko taberna batean, lagunartean. Bikoteka jokatzen genuen. Galtzen zuen bikoteak denon Cola Caoa ordaintzen zuen. Arratsalde batean, gizon bat hurbildu eta dardo-jokorako taldea osatzeko lagun bi behar zituela esan zigun, liga bat eta Espainiako Txapelketa jokatzeko.

Baietz esan zenuten.
Apur bat ikaratuta gelditu ginen, eta gehienok ezetz esan genuen. Batek esan zuen baietz eta taldean sartu zuen. Batera eta bestera joaten zen jokatzera, eta gu ikustera, orduan ez zen-eta online jokatzen, orain bezala.

Laguna ikusita animatu zinen?
Behin Holandara bidaia irabazi zuen, Europako txapelketa jokatzeko sailkatu ostean. Orduan, geuk ere Iurretan talde bat sortzea erabaki genuen.

Zenbat txapelketatan ari zara?
Estatuko liga batean bikoteka eta Bizkaiko  taldekako bitan; EAEko beste batean ere bai.  

Profesional moduan ari zara?
Oraindik azken bultzada falta zait. 2014ra arte maila baxu-ertaineko jokalaria nintzen. Orduan, Espainiako Estatuko txapelketa bat irabazi nuen, erdi mailako kategorian. Dena den, benetako jauzia 2016an egin nuen. Serioago hartu eta gehiago entrenatzen hasi nintzen, maila igota. Emaitza onak izan ditut. Dardo-jokalari oso onak daude, askok jokatzen dute, baina mundu ezezaguna da. Durangaldean bizpahiru talde gaude, baina Bilbo inguruan, asko. Uste baino gehiago.

Era berezian prestatu behar da?
Norberak bere estiloa topatu behar du. Gorputza ahalik eta gutxien mugitu behar da, jaurtiketa errazteko; dardoari heltzeko erak daude. Hori guztia hobetu daiteke. Gainera, dardo mota asko daude. Probatu egin behar da. Konstantzia eta erregulartasuna behar dira.

Entrenamendu ordu asko behar dira?
Nik egunero jokatzen dut, 15 minutu gutxienez. Batzuetan hiru ordu ematen ditut, besteetan bat, eta, inoiz, sei ere bai. Lagunartean inoiz hamabi ordu ere egin ditugu jarraian dardo-jokoan. Nire ustez, egunean  ordu erdi bat jaurti beharko litzateke.

Dardo-joko asko daude ...
Bai. Badago bat maila profesionalean dirua irabazteko aukera ematen duena: diana konbentzionala. Altzairuzko dardoekin jokatzen da, gehienetan 501era. Honetan zailagoa da dardoagaz jotzea. Nahiko nuke hortaz bizi, baina zaila da. Estatu espainiarrean 4-5 baino ez dira.

Kirola da dardo-jokoa?
Ez. Beharbada 2021eko Joko Olinpikoetan, bai. Beti ere, diana konbentzionala. Batez ere Ingalaterran, horretan baino ez dute jokatzen. Nik liga bat jokatzen dut Basaurin, eta hirutan joan naiz Avilara (Espainia), Londresen (Britainia Handia) jokatzen den munduko txapelketarako aukera irabaztera. Jokatzeko beharrezkoa da pintzazko prakak eta zapatak jantzita joatea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!