Hilabete eskas da lanak hasi zirela eta, beharrezko baimenak lortu ondoren, martxan da 4.300 metro koadro dituen azpiegitura berria. Besteak beste, olatu estatiko bat eta 14 metroko txirrista bi ditu aquaparkak, eta 11:00etatik 19:00etara bitartean egongo da zabalik bertaratu gura duenarentzat. Egun osorako sarrera bakarra egongo da. Iurretarrentzat 12 euro balio ditu, eta gainontzekoek 14 euro ordaindu beharko dituzte aquaparkera sartzeko.
Proiektuaren bultzatzaileek martxoan aurkeztu zuten aquaparka eta irailean desmuntatuko dute. Martxoan azaldu zutenez, Ibarretxe kultur etxearen alboan jarri duten aquaparkak 700 bat lagunentzako edukiera du, eta 10-15 lagun kontratatu dituzte bertan lan egiteko. Herriarentzat proiektu "interesgarria" izan zitekeela pentsatuta erabaki zuen egitasmoagaz aurrera egitea Iurretako Udalak. Horrela azaldu zuen proiektua Iñaki Totorikaguena alkateak aurkezpen egunean. "Durangalderako aisialdirako beste alternatibatzat" ikusten du aquaparka Totorikaguena alkateak, eta uste du "Iurretako eta inguruetako bestelako zerbitzu batzuei ere onura handia ekarri ahal dietela aquaparkera etorriko direnek".