Emakume musulmanek ramadanari buruzko berbaldia emango dute Iurretan, bihar

Anboto 2018ko mai. 8a, 17:00

Rachida Boutayeb, Meriem Aboubi eta Fatima el Mansouni izango dira ramadanaren inguruan jardungo dutenak.

Kultur-aniztasunaren astearen barruan hainbat ekitaldi antolatu ditu Iurretako Udalak herriko elkarteekin elkarlanean. Lehenengo ekitaldia bihar izango da, maiatzak 9, 18:30ean, Ibarretxen. El viaje del Ayuno ikus-entzunezkoa proiektatu eta gero emakume musulmanek ramadanari buruz berba egingo dute. Rachida Boutayeb, Meriem Aboubi eta Fatima el Mansouni izango dira ramadanaren inguruan jardungo dutenak. Ondoren, ramadan dastaketa antolatuko dute.

Zapatuan Iurretako Askondo kalea herriko kultur-aniztasunaren isla izango da. Herrian bizi diren komunitateen artean elkarbizitza eta harremanak estutzea da ekimenaren helburua. "Herri eredu ireki bat izan gura dugu hurrengo belaunaldientzat", azaldu du Zorione Fundazuri zinegotziak. Arrozaren inguruan Iurretako hainbat elkarte batuko dira jaira. Río de Oro, La Otra Mirada, Biladi, Gurutze Gorria, Senegaldo eta Maliko familiak, EKI herri kirolen taldea, Mikel Deuna dantza taldea, sabel dantza taldea... Goizean umeentzako tailerrak, tea, dantzariak eta batukada izango dira. Eguerdian arroza oinarri izango duen bazkaria banatuko dute, elkarte bakoitzak bere erara prestatuta. Txartelak elkarteen bidez eskuratu daitezke, baita Ibarretxen, Herritarren Arreta Zerbitzuan, Nagusien Etxean eta Gauargi tabernan ere. Ondoren, musikagaz eta dantzagaz gozatu ahal izango dute. 

Bestalde, La Otra Mirada elkarteak azaldu duenez, zapatuan batutako diruagaz Senegalden martxan jarri gura duten proiektu bat finantzatu gura dute.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!