Herriko gazteei zuzendutako bi irteera antolatu dituzte Iurretan

Aitziber Basauri 2018ko mai. 7a, 11:47

Iurretako 12-18 urte bitarteko gazteei zuzenduta, bi ekintza antolatu dituzte herriko gazteek, Iurretako Udaberriko Gazte Programazioaren barruan. SUP (Stand Up Paddle) eta Paintball egiteko irteerak antolatu dituzte, Urdabaira eta Zornotzara, maiatzaren 19an eta ekainaren 16an, hurrenez hurren.

Ibarretxe kultur etxean eskura dagoen inskripzio orria eta gurasoen baimena bete, eta, bi euro ordaindu beharko dira. Hartara, maiatzaren 14tik aurrera izena eman duten gazteekin harremanetan jarriko da udala.

2016tik gazteria zerbitzuaren berrikuntzan lanean dabil Iurretako Udala IUGazte deritzon proiektuaren barruan. Aurten, iazko ikerketa eta parte hartze prozesutik eratorri den programa implementatzeari ekin dio. 2017an, Iurretako 12-18 urte bitarteko gazteriaren lehendabiziko argazkia egin zen, eta, epe laburrean, udalak martxan jarriko dituen zenbait gomendio lotu ziren.

Udazkenean, Gazte Deialdia programa pilota jarri zen martxan, eta apirilean Hexagonoa erabiltzeko baimena lortu du udalak, gazteen etorkizuneko topagune izateko. Deialdi horren bitartez, 15 gazte inguruk osatutako taldea eratu da eta diseinu berrikuntza adituak diren profesionalen laguntzagaz zenbait proposamen prestatu eta findu dituzte gazteek azken hiruhilabetean. Ibilbide horren emaitza da Iurretako Udaberriko Gazte Programazioa.

Udal ordezkariek azaldu dutenez, "ideia deialdi ireki honen bitartez, gazteei bideratutako eskaintzaren formatoa irauli nahi da, goitik-beherako eskaintza eredu tradizionalaren ordez, behetik-gorako formato ireiki eta berria proposatuz. Hortaz gain Udala eta gazteen arteko harreman bideak eraiki nahi dira, ohiko moduen ordez, gazteen interes eta proiektuei lotutako partehartzea ahalbidetuz".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!