Iurretako Hiri Probak Espainiako txapeldunak erabakiko ditu

Joseba Derteano 2018ko api. 9a, 13:56
Iñaki Totorikaguena Iurretako alkatea, Cristina Petite korrikalari ohia eta Juan Ignacio Hernández Bidezabaleko presidentea gaurko prentsaurrekoan.

Modalitateko korrikalaririk onenak etorriko dira domekan. Parte hartzaile kopuruan ere gorakada eman da. Oraingoz 650 lagunek eman dute izena eta eguazten gauera arte irekita dago.

Iurretako Hiri Proba Euskal Herriko zaharrena —38. aldia du aurten— eta estatuko prestigiotsuenetakoa da, baina aurten beste malda bat gora egingo du Espainiako txapelketa hartuta. 10 kilometroko lasterketen Espainiako txapelketa orain hamarkada bat sortu zuten eta lehenengoz jokatuko da Iurretan zein Euskal Herrian.

Ondorioz, parte hartzaileen kalitateak gora egin du. “Gizonetan inoiz 33 minutik jaitsi diren 100 bat korrikalari datoz eta emakumeetan 40 minututik jaitsiak diren 60 bat”, nabarmendu du Juan Ignacio Hernandez Bidezabal klubeko presidenteak.

Gizonetan Juan Antonio Pérez —iazko Espainiako txapelduna— eta Fernando Carro dira faboritoetako bi. Emakumeetan Paula González —hiru bider Espainiako txapeldun—, Azucena Díaz eta Zulema Fuentes-Pila nabarmendu daitezke, besteak beste.

Izen-ematea eguazten gauera arte

Espainiako txapelketa lehiatzeko izen-ematea itxita dago eta 400 hautagai daude. Lasterketa herrikoian, gazte mailetan zein umeen proban parte hartu gura dutenek, aldiz, eguazten gauera arteko epea dute izena emateko www.bidezabal.org webgunean. Lasterketaren egunean bertan ezingo da izen-ematerik egin aurreko urteetan moduan. Gaurko prentsaurrekoan antolatzaileek hainbat bider azpimarratu duten aldaketa da. Eguaztena izango da azken eguna. Parte hartze handiak gainez egin ez diezaien hartu dute erabakia.

Iurretako Hiri Proba birritan irabazi duen Cristina Petite atleta ohia antolakuntzan dabil gaur egun eta parte hartzeko gonbita egin du. “Iurretako moduko lasterketetan modalitateko izarrekin batera korrika egiteko aukera egoten da. Hori ez da gertatzen futbolean, saskibaloian eta bestelako kiroletan”. Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak Bidezabalek atletismoa sustatzeko egiten duen lana azpimarratu du, besteak beste.

 

DATUAK ETA ORDUTEGIA (APIRILAK 15, DOMEKA)

Lasterketaren luzera: 10 km.

Hasiera: Maspen.

Amaiera: Askondon.

Kadeteak eta gazteak: 10:30ean.

Benjamin aurrekoak eta benjaminak: 10:50ean.

Lasterketa paralinpikoa: 11:00etan.

Kimu maila eta haur-kategoria: 11:20an.

Umeen proba: 11:30ean.

Eliteak, juniorrak eta beteranoak: 12:10ean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!