Bidebarrietatik Maspera oinez igarotzeko bidea hobetuko dute Iurretan

Aitziber Basauri 2018ko ots. 21a, 11:55

30.000 euro erabiliko dituzte Bidebarrietatik Maspe kalerako irisgarritasun trabak konpontzeko

Bidebarrieta kaletik Maspera oinez igarotzeko bidea hobetzeko. Horretarako erabiliko dute, Iurretan, herritarren erabakipean jarritako udal aurrekontuko diru atalaren zatirik handiena. 2018ko aurrekontu parte-hartzaileetarako 40.000 euro gorde ditu aurten udalak, eta Bidebarrieta eta Maspeko lotunea egokitzeko 30.000 erabiliko dituzte.

Euskaldun Berri parketik Ebroko zubiraino argiztapena hobetuko dute, eta Santa Apoloniarako eta Basetarako bidegorrietan jarlekuak jarriko dituzte. Iaz 25.000 euro izan zituzten herritarrek.

Aurrekontu parte-hartzaileetarako foroetan 20 proposamen egin dituzte bertaratutako herritarrek, eta horietako zazpi igaro dira bozketara. “Giro ezin hobean egin dira foroak, eta proposamenak hausnarketa baten ondorio izan dira; denon parte-hartzeagaz eta herriko kale, zerbitzu eta azpiegiturak hobetzeko asmoz”, azaldu dutenez. Aurten gauzatu gura dituzte lanak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!