“Bizia arriskuan jartzen dugu eta oinezko askok beldurrez egiten dugu bide hori”

Aitziber Basauri 2018ko ots. 6a, 09:28

Fauste auzotik Arriandi industrialdean dagoen autobus geltokira joateko, oinezkoek N-634 errepide nagusiaren bazterbidea erabili behar dute ezinbestean. Bazterbide estua da hori, eta trafikoa “etengabea” da errepidean.

Auto eta kamioi ugari pasatzen dira bertatik, “abiadura handian”, Fauste auzoko hainbat bizilagunek nabarmendu dutenez. “Egoera arriskutsu” hori salatu dute Iurretako Udalean, eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea eskatu dute. Errepidearen albotik joango den bidegorri bat egokitzea eskatu dute idatziz. Urtarrilean bertan egin dute eskaria.

Fausteko bizilagunek azaldu dutenez, “egun askotan egin behar dugu ibilbide hori oinez, geure burua arriskuan jarrita. Oso estuak dira bazterbideak, eta ibilgailuak oso gertu pasatzen dira”, azaldu dute Angelita Erdoizak eta Mari Tere Rementeriak. Gogoratu dute istripuak egon direla eta hildakoak ere egon direla. “Bizia arriskuan jartzen dugu eta oinezko askok beldurrez egiten dugu bide hori”, gaineratu dute. Bidegorriaz gain, autobus geltokia dagoen parean semaforodun zebra-bide bat jartzea ere eskatu dute Fausteko bizilagunek. Arriandiko industrialdean hainbat langile daudela ere gogoratu dute, “eta askok arrisku bera bizi dute errepide nagusia gurutzatu behar dutenean autobusa hartzeko”.

Bizkaiko Aldundiari eskaria
Fauste auzoko bizilagunen eskariei erantzun guran, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Mugikortasun Sailera jo du Iurretako Udalak,  “oinezkoen segurtasuna bermatzeko gutxienez metro biko zabalera izango duen bazterbidea” egokitzea eskatzeko. Fauste auzotik Arriandi industrialdean dagoen autobus geltokiraino eskatu dute bazterbidea. Era berean, N-634 errepidea “segurtasunez gurutzatzeko”, semaforodun zebra-bidea ere eskatu dute Foru Aldundian.

N-634 errepide nagusia Foru Aldundiaren eskumena dela gogoratu du Iñaki Totorikaguena alkateak.  “Udalak ezer gutxi egin dezake Aldundiaren baimenagaz edo haregaz elkarlanean ez bada”, esan du.

Mallabienatik Faustera
Iurretako alkateak esan duenez, lanean dabiltza egoera horri erantzuteko. Hala ere, Faustetik Arriandiko industrialderainoko tarte horrek ez ezik, Mallabienatik Fausterainoko tarteak ere “kezkatzen” du udala.  “Aspaldiko ardura dugu nola uztartu Fausteko bizilagunen eta industrialdeetara lanera doazenen beharrak batetik, eta trafiko premiak bestetik”. Arriandiko autobus geltokiak egokitu zituen Iurretako Udalak duela urte batzuk, alkateak gogoratu duen moduan. Halaber, lur azpitik oinezkoentzako pasabidea ere egin zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!