Eguaztenero zita Iurretan, 55 urtetik gorakoengan irakurzaletasuna sustatzeko

Aritz Maldonado 2018ko urt. 29a, 11:40

Iurretako Herri Bibliotekan hamar bat lagun biltzen dira eguaztenero, mahai baten bueltan jarri, irakurri, eta ostean giro lasaian elkarregaz gogoeta egiteko. Pasadan asteko saioan M. Del Angels Selles i Pons idazlearen De Chamartín a Collbató irakurtzen ari dira Mari Carmen Abasolo, Juli Lobato, Angelita Arana, Meli Gonzalez eta M.Begoña Zugazartaza; gaurkoan ezin izan dira batu M.Pilar Mintegia eta Esther Usubiaga.

Hirugarren urtea dute astean behin ordubetez batu, elkarregaz irakurri, ideak trukatu eta literaturak daramatzan munduetatik bidaiatzen. Gehienek lehendik elkar ezagutzen zuten arren, harremana estutu egin dute bertan, eta, hori dela-eta, dei egin dute jende berria joateko. “Guretzat bigarren gaztaro moduko bat da hau”, nabarmendu du Lobatok. Lectura Facil Euskadi elkarteko kideak arduratzen dira saioak dinamizatzeaz. Saio honetan Sara Morenok lagundu duen arren, Blanca Matagaz egon ohi dira iurretarrak; beraiek arduratzen dira irakurri beharreko liburuak aukeratzeaz. “Denetarik irakurri dugu orain arte, nobela historikoa, maitasunezkoak eta abar”, azaldu du Morenok. Besteak beste, Diario de Anna Frank eta El Agua del Rif irakurri dituzte. Liburu bakoitzari bost saio eskaintzen dizkiote, eta irakurtzeaz gain, liburuko gaiagaz zerikusia duten bideoak eta argazkiak ikusten dituzte.

Hiru bat urtean liburu asko irakurtzeko aukera izan dute klubeko kideek, eta, orain, lehen baino errazagoa zaie antolatzaileei irakurri beharreko liburua aukeratzea. “Orain gehiago ezagutzen ditugu, euren gustuak ezagutzen ditugu, eta horrela errazagoa egiten zaigu liburuak aukeratzea”, azaldu du Sara Moreno Lectura Facileko kudeatzaileak.

XL deritzon irakurketa errazeko talde honetan parte hartzen duten lagunek hainbat arrazoi izan dituzte bertara etortzeko. Batzuei orain piztu zaie irakurketarako grina. Meli Gonzalezi, ostera, aspalditik datorkio zaletasuna. “Nik lehen ere hartzen nuen parte horrelako talde batean, eta, egia esateko, hona etorri aurretik haren falta sumatzen nuen”, esan du. Abasolok ere aspaldian alboratua zuen zaletasunari ekiteko aitzakia topatu du klubean. Liburu eta solasaldi artean, elkarren arteko harremana estutu dute iurretarrek. “Liburuekin gogoetak eta oroitzapenak piztu zaizkigu urteotan, eta horiek partekatzerakoan, harremanak sendotu egin dira”, azaldu du Aranak. “Ezberdin pentsatzen dugu, eta horrek eztabaidak aberasten ditu”, dio Zugazartazak.

Irakurzaletasuna bultzatzen
Lectura Facil Euskadi elkarteko kideek ez dute Iurretako talde honegaz bakarrik lan egiten. Ibarretxen bertan, dislexiaren ondorioz ikasteko zailtasunak dituztenentzat tailerra eskainiko dute urtarrilaren 29an eta otsailaren 5ean. Horrez gainera, Durangon Gorabide, Aita Meni, Lantegi Batuak eta Avifeseko lagunekin ere sustatzen dituzte irakurketa taldeak.

Aukera baliatuta, XL taldeko kideek eskerrak eman gura izan dizkiete Ibarretxeko langileei irakurketa errazeko taldea antolatzearren. “Gauza piloa antolatzen dituzte, eta hori itzela da iurretarrentzat”, nabarmendu dute guztiek aho batez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!