Gabonak Durangaldean

Komertzioak Gabonetako apaingarriz beteko dituzte Iurretan, erakusleihorik onenaren bila

Markel Onaindia 2017ko abe. 20a, 09:26

Gabonek duten gauzarik adierazgarrienetako bat argiak, koloreak eta apaingarriak kaleratzea da. Etxeetan ipintzen diren arbolak, kaleak janzten dituzten argiak, Olentzero eta Mari Domingiren irudiak... Zenbait lekutan komertzioen, tabernen eta zerbitzuen fatxadak sasoi horretara egokitzeko saiakera ere egiten dute, eta hori da, hain justu ere, Iurretan bultzatu gura dutena. Erakusleiho lehiaketa antolatu dute, eta, horri esker, hainbat komertzio apainduta egongo dira abenduaren 22tik urtarrilaren 5era bitartean.

Denda eta abarrek abenduaren 20a baino lehen eman behar izan dute izena ekimenean parte hartu ahal izateko, kultur-etxea@iurreta.eus helbidera idatzita. Euren erakusleihoak udaleko kultura sailak aukeratutako epaimahai batek aztertuko ditu. Besteak beste, sormena, argiztapena, modernitatea eta berrikuntza edukiko dituzte kontuan balorazioa egiterakoan.

Epaileek erabakia hartzean, www.iurreta.eus webgunean argitaratuko dute emaitza. Gainera, hilaren 24an sari banaketa ekitaldia egingo dute, 12:00etan, Askondon.

Postaletan ere bai
Bestalde, postal lehiaketa ere prestatu dute Iurretan. Kasu honetan, 13 urtez beherako umeei zuzendutako ekimena da, eta gaurko entregatu behar dituzte lanak Ibarretxe kultur etxean. Hiru sari eskainiko dituzte, eta horiek ere abenduaren 24ko sari banaketa ekitaldian aurkeztuko dituzte.

Umeen parkea Olaburun
Joan zen asteko asteleheneko prentsaurrekoan, udal ordezkariez gainera Maiztegi eskolako guraso elkarteko kideak eta Anderebide emakume taldekoak ere egon ziren. Izan ere, talde horiek zein Kimuak aisialdi elkarteak ekarpena egin dute Gabonetako egitaraua osatzeko. Esaterako, hilaren 27an, 28an eta 29an Gabonetako Parkea ipiniko dute Kimuakekoek Olaburu pilotalekuan. 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara egongo da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!