Elkartasun azoka zabaldu dute gaur, gabon egunen atarian

Aitziber Basauri 2017ko abe. 11a, 14:29

Bizkleta bat 25 euroan eta mikrouhin-labea 10 euroan. Liburuak euro batean eta arropa bost euroan. Askotariko objektuak prezio ez-ohikoan erosteko aukera eskaintzen du Anderebide elkarteak antolatutako Elkartasun Azokak. Gaur zabaldu ditu ateak 5. aldia duen merkatuak, eta hainbat izan dira hurbildu diren herritarrak. 

Ibarretxe kultur etxean antolatu dute Elkartasun Azoka, eta, 09:00etatik 12:30era eta 16:00etatik 19:00etara egongo da zabalik barikura bitartean. Jostailuak, txiki eta helduentzako askotariko arropak, liburuak, bitxiak... denetarik izaten dute Elkartasun Azokan eta harrera ona izaten duela aitortu dute antolatzaileek. Batutako dirua La Otra Mirada elkarteari emango diote, Senegalen garatzen diharduen proiektuari laguntzeko. Iaz, 1.000 euro batu zituzten.

Iurretarrek emandako objektuak dira salgai jarritakoak eta bost euroko erosketa egiten dutenek hainbat produktuz osatutako otzara baten zozketan parte hartuko dute. "Gabon egunen ataria den egun hauetan, diru asko gastatu gabe, opariren bat egiteko aukera errazten dio azokak askorik", aurkezpenean azaldu dutenez.

 

Gabonak bertan direla-eta askotariko ekintzek osatutako egitaraua aurkeztu dute, gaur, udal ordezkariek. Anderebide elkarteko Txaro Fradejas eta Maiztegi ikastetxeko Guraso Elkarteko Unai Esturo ere izan dira ekitaldian. Besteak beste, gutun-postal lehiaketa eta erakusleiho lehiaketaren berri eman dute. Abenduaren 13tik 20ra bitartean eman daiteke izena. Era berean, gaurtik eta ostegunera arte dago aukera izena emateko haur eta gaztetxoentzako magia tailerrerako. Urtarrilaren 2an eta 3an izango da ikastaroa eta lekua mugatua da.

Abenduko Koplak abestuko dituzte abenduaren 23an eta, Olentzero eta Mari Domingiri harrera egingo diote abenduaren 24an. Umeentzako gabonetako parkeak ere ez du hutsik egingo hilaren 27tik 29ra.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!