Zerbezaren kultura kalera ekarriko dute Iurretako lehen garagardo azokaren bidez

Markel Onaindia 2017ko abe. 8a, 11:00

Zerbeza maite dutenek aukera paregabea edukiko dute zapatu honetan Iurretan, lehenengo garagardo azoka antolatu baitute,  IBA edo Iurretako Beer Azoka deiturikoa. Zaleentzat bakarrik ez, artisau-garagardoen mundua gehiago ezagutu nahi dutenentzat ere probatzeko leku egokia izango da.

Izan ere, gero eta sona handiagoa duten artisau-zerbezak eskainita, sektore hori bultzatzea da azokaren helburu nagusia. “Jendea kultura honetara gerturatzen joatea gura dugu”, esplikatu du Garai zerbeza ekoiztetxeko Ibon Berriozabalgoitiak. Durangaldeko hiru lagunen eskutik jaio berri den zerbeza marka hori eta herriko jai batzordea dira antolatzaile, eta udala eta Urkiola Landa Garapena laguntzaile.

Askondo kaleko karpan ezarriko dute azoka, 11:00etan. Garai eta beste bost garagardo edateko aukera egongo da, eta 12:00etatik 13:00etara dastaketa antolatua eskainiko dute, azalpen eta guzti, 5 euroren truke. Hortik aurrera, egunean zehar garagardoa edan gura dutenek 3 euro balio duen eta egunerako sortu duten edalontzia erosi beharko dute.

Artisau-garagardoa edari horri balioa emateko ikuspegitik lantzen dute, multinazionalen eredu konbentzionaletik kanpo. “Gure bezeroak kalitatezko garagardoa eskatzen dutenak dira”, esan du Berriozabalgoitiak.

Taloa egiten ikasten
Euskaldunok ondo dakigun lez, edatekoa hobeto sartzen da jatekoagaz batera. Horregatik, janaria emateko postuak ere ipiniko dituzte Askondon. Talogileak etorriko dira, eta euren produktuak saltzeaz gainera, taloak egiteko ikastaroa emango dute, 12:30ean. Gero, 14:30ean, bazkaria egingo dute. Iluntzerako, foodtruck edo janaridun furgonetak etorriko dira Askondora.

Musikarik ere ez da faltako; 18:30ean Deiedra taldea igoko da oholtzara, eta 21:00etan Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinuek.

Euren lanaren zabalkunderako Durangoko Azokaren testuingurua aprobetxatu gura izan dutela azaldu du Berriozabalgoitiak, eta Iurreta leku egokia dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!