Zaldairen mendi erronka 81 lagunek eta txakur bik osatu dute

Joseba Derteano 2017ko abe. 11a, 11:30

Zaldai mendi erronka amaitu duten Itxaso, Naia, Maider eta Felix mendi tontor batean.

Datorren barikuko ekitaldian, Iurretako Mendi Astearen barruan, oroigarri bana emango diete amaitu duten guztiei. Txakurrentzako ere oroigarriak prestatzen ari direla azaldu dute antolatzaileek.

Iurretako Zaldai taldeak mendirako zaletasuna sustatzeko aurten abiatutako erronka arrakastatsua izan da. Euskal Herri osoko parte-hartzaileak izan ditu: Bizkaikoak (Ondarroa, Gernika…), Gipuzkoakoak (Aretxabaleta, Zaldibia…), Arabakoak (Gasteiz) eta Nafarroakoak (Etxarri-Aranatz). 211 mendizalek hartu dute parte, askok familian. Erronka amaitzea lortu duten 83 lagunei omenaldia egingo diete abenduaren 15ean, 19:30ean, Askondoko aterpean. Oroigarri bana emango diete, eta mendizale ezagunen zorion mezuak jasotzen dituen bideo bat eskainiko dute. Bertsolariak eta dantzariak ere izango dira. Ekitaldi berean 2018ko erronka egiteko mendien zerrenda ere jakinaraziko dute. Mendi bat kenduta gainerako denak berriak izango dira. Esaterako, Pirinioetan Bisaurin (2.670 metro), Castillo de Acher (2.384), Auñamendi (2.504), Anayet (2.574) eta Posets (3.369) mendiak aukeratu dituzte.

Hile batzuen barruan Euskal Herriko hainbat mendi igo behar izan dituzte aurtengo erronka osatzeko. Amaitu dutenen artean, emakumeak gehiago dira (46) gizonezkoak baino (35). Txakur bik ere lortu dute erronka egitea, eta eurentzako oroigarriak ere prestatu dituzte. Askok familian parte hartu duten adierazle da 18 urtetik beherakoen kopurua: 38. “Ez genuen horrelako harrerarik espero. Oso pozik gaude. Askok mendirako afizioa berpizteko balio izan diela esan digute”, adierazi du Erlantz Zaldunbide Zaldaiko kideak.

Mendi astea

Mendi astea Aizkora hotsak goi mendietan izeneko bideo emanaldiagaz hasiko dute. Egiuazten honetan, 19:00etan izango da, Ibarretxe Kultur Etxean. Ostean, luntxa eskainiko dute. Hurrengo egunean, 19:00etan, Oihana Azkorbebeitiak, Zigor Iturrietak eta Igor Esparzak Mendi lasterketak eta familia izeneko hitzaldia eskainiko dute Ibarretxen.

Zapatuan, Basatzan izeneko mendi bizikleta martxa antolatuko dute lehenengoz. 25 kilometrotan 1.000 metroko desnibel positiboa duen martxa da. 10:00etan irtengo dira Askondoko aterpetik. Izen-ematea kirolprobak.com webgunearen bidez egin daiteke 5 eurotan. Egun berean Nordic Walking ikastaroa ere antolatu dute. Izen-ematea abenduaren 12ra arte egin daiteke.

Azkenik, abenduaren 17ko domekan Iurretako Urak Ezagutuz izeneko ibilbide gidatua prestatu dute, umeek ere egiteko modukoa: Ibaizabal eta Zaldai errekatik zein ur biltegitik ibiliko dira eta ura garraiatzeko eraikuntzak bisitatuko dituzte.

83 lagunek amaitu dute mendi erronka (Argazkia: Zaldai)


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!