Askondoko biribilgunea kenduko dute oinezkoentzako lekua irabazteko

Aitziber Basauri 2017ko abe. 5a, 10:27

Iurretako herrigunea berrantolatuko du udalak datorren urtean eta horretarako 100.000 euro gorde ditu udalbatzak gaur goizean onartu dituen 2018ko aurrekontuan. Ahobatez onartu dute 5,64 milioi euroko aurrekontua EAJk eta EHBildu. Inbertsioek aurrekontuaren %13 hartuko dute, 700.000 milioi euro.

Datorren uda aurretik aurreikusi du Iñaki Totorikaguena alkatea obra hauek egia bihurtzea. Askondotik Maspe kalera arteko tarte horren berrantolaketagaz "herri barruan bueltaka dabilen trafikoa" kendu gura dute. "Askondo zati baten trafikoarentzat itxi zenetik zentzurik ez du herrigunean dagoen biribilguneak. Beraz, errotonda hori kendu eta oinezkoentzako gune berria sortu gura dugu", azaldu du alkateak. Hartara, Bixente Kapanaga kalea noranzko bakarrekoa izango da datorren urtean, Maspe kalerako noranzkoan. Horrek kaleko bi aldetako espaloiak zabaltzea ere ahalbidetuko du.

Hartara, Durangotik datorrenak Zubiaurre kaletik izango du Iurretako herrigunera sartzea autoa erabilita. Bestela, Bidebarrieta kaletik ere bai. Proiektua egiteko dago oraindik, baina Totorikaguena azaldu duenez abenduan bertan izango dute eginda, "gehienez urtarrilerako". 2018ko uda aurretik gura dute herrigunea itxuraldatuko duen obra gauzatuta egotea.

Inbertsioak

Horixe izango da 2018ko aurrekontuaren inbertsio atalak jasotzen duen obra ikusgarriena. Diru atal potoloena eramango du, hiri-antolamenduko plan orokorragaz batera (HAPO). Beste 100.000 euro bideratuko dituzte HAPOa lantzeko. Horretaz aparte, auzoetako bideak konpondu eta argiteria berria (80.000 euro) jarriko dute eta Bixente Kapanaga eta Olaburu kalea lotzen dituen tunela ere konponduko dute (20.000 euro). Bibliotekan ikusentzunezkoentzako lekua atonduko dute (15.000 euro) eta Hexagonoan gazteentzako proiektua garatzeko diru ere gorde dute; guztira 50.000 euro. 2018ari begira ere izango dira aurrekontu parte hartzaileak. Horretarako 40.000 euro lotu ditu udalbatzak.

Beste alde batetik, diru-laguntzetara bideratuko diru-atala %1 igongo dela nabarmendu du alkateak. Guztira 721.000 euro erabiliko dira horretarako: norbanakoentzako laguntzak, herriko elkarteentzako eta Amankomuanzgoaren zerbitzuetarako laguntzak batzen ditu horrek.

N-634 errepidearen lanei begira

2019an gauzatuko den N-634 errepide nazionalaren berrantolaketa lanei begira lotu dute 2018ko udal aurrekontua. Alkateak azaldu duenez, "proiektu horren zati handi bat guk finantzatu beharko dugu eta horrek ahalegin ekonomikoa eskatuko digu. Horri eutsi ahal izateko zuhurrak izan gara datorren urteko aurrekontua lotzerako orduan".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!