Emakumeentzat zaharalduntze tailerra eskainiko dute Iurretan

Maialen Zuazubiskar 2017ko aza. 20a, 09:10

Adinkeria —emakume zaharrek pairatzen duten diskriminazioa­— amaitzeko asmoz, Bizitzen Fundazioa Zaharalduntze feminista tailerra eskaintzen ari da Iurretan. 

Hori horrela, eta tailer honetan emakume gehiagok parte hartu dezaten, ate irekiak antolatu dituzte martitzenerako, azaroaren 22rako. Tailerra 17:00etan hasiko da, Ibarretxe kultur etxean.

Isabel de Blas Bizitzen Fundazioko Berdintasun proiektuetarako teknikariak azaldu duenez, gaur egungo gizarte honetan adinkeria “oso barneratuta” dago. “Tailerrarekin gura duguna emakume zaharrek euren egunerokoan zeintzuk adinkeria jasaten dituzten identifikatzea, eta gazteagook barneratuta ditugun mikroadinkeriak ikusten joatea”, adierazi du teknikariak.

Bestalde, Zaharalduntze feminista tailer hauek nagusiei bideratuta dauden arren, belaunaldi arteko tailerrak direla jakitera eman du de Blasek. “Adinetik haratago gure artean errespetuz jokatzeko, adinkeriarik gabe jokatzeko balio dute tailerrek. Baita emakume batzuek besteengandik ikasteko ere”, bukatu du.

‘Adierazpenak’ erakusketa
Bestalde, Iurretako Udalak Adierazpenak lehiaketa martxan jarri du. Azaroaren 14tik azaroaren 23ra bitartean, iurretarrek berdintasuna, indarkeria eta sexismoa gaitzat hartuta, beraien marrazki, esaldi, bertso, eslogan, bineta, argazki eta komiki laburrak aurkeztu ahal izango dituzte.

Behin lan guztiak aurkeztuta, azaroaren 24tik 30era bitartean lanen erakusketa egongo da Ibarretxe Kultur Etxean.  

Gaurko, berriz, emakumeen literatur tailerra antolatu dute, eta hilaren 21erako Aspectos civiles y penales de la violencia contra las mujeres hitzaldia. Anderebidek antolatu duen hitzaldi honetako hizlaria Eider Barrenetxea izango da.

Azaroaren 25aren harira antolatutako egitarauari amaiera emateko, hilaren 24an, 18:30ean, adierazpen instituzionalaren irakurketa egingo dute, eta, 19:00etan, Ana Apika helduen ipuin kontalaria egongo da Ibarretxe kultur etxean.

Iurretako Udalak hilaren 24ko ekintzetara morez jantzita joateko deia egin du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!