Julen Kaltzada euskaltzalea hil da, Iurretan hainbat lagunek maitatua

Markel Onaindia 2017ko aza. 13a, 12:40
Argazkia: Iñaki Izagirre

Frankismoan Burgosko prozesuan epaitu eta preso egonikoa, AEK-ko burukide ohia, euskara irakaslea, idazlea... Gizon eta militante polifazetikoa izan da Julen Kaltzada busturiarra (1935-2017). Bere memoriekin liburu bat argitaratu berri zuen, eta duela astebete Iurretan egon zen bere lagunei aurkezten. Abade ibili zen Iurretan, eta horregatik, hartueman handia zuen bertako hainbat herritarrekin.

Bihotzeko arazoekin zebilen Kaltzada. Lehendik ebakuntza egina zioten, eta egunotan beste bat egitekoak ziren. Atzo joan zen ospitalera, eta gaur goizean hil da.

Iurretan oso maitatua zela kontatu du bere lagunetako batek, Mikel Sopelanak. Hain justu, Montoste elkartean egindako liburu aurkezpenean 40tik gora lagun batu ziren. Liburua finantzatzeko ere, 80 lagunek baino gehiagok egin zuten diru ekarpena. Bere memoriak idatzita geratuko dira, eta hainbat iurretarren bihotzetan ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!