Bilboko Zinema Ikusezina Jaialdiko 25 film labur proiektatu dituzte lanbide heziketa zentroan

Aitziber Basauri 2017ko urr. 31a, 12:04

Iurreta Lanbide Heziketa Zentroak seigarren urtez parte hartu du Bilboko Zinema Ikusezina Nazioarteko Jaialdian. Gizarte gaiak lantzen dituzten filmen 9. lehiaketa izan da aurtengoa. Bilboko Alhondigan egindako sari banaketa ekitaldian aipamen berezia jaso zuen zentroko irakaslea den Jabi Arbeok. Berak bultzatuta parte hartzen du Iurretako ikastetxeak jaialdi horretan. 

Iurreta Lanbide Heziketa zentroan hainbat gai sozial lantzen dituzten 25 film labur proiektatu dira, aurten, eta 600 ikasle baino gehaigok ikusi dituzte. Kulturartekotasuna, genero berdintasuna, garapen iraunkorra eta giza eskubideak jorratzen dituzte Bilboko Film Sozialen jaialdian. Ikastetxeko arduradunek azaldu dutenez, "interes handiko gai sozialak dira eta ikasleentzako interesgarriak. Eskola orduetan lantzen dira askotan". Parte hartu duten ikasleei eskarrak eman dizkie zentroko arduradunek: "Txalotzekoa da izan duten jarrera bikainagatik, errespetua eta interesa ikusi da beraien aurpegietan".

Zinema Ikusezina

Bilboko Zinema Ikusezinaren Nazioarteko jaialdi hau KCD gobernuz kanpoko erakundeak antolatzen du. Besteak beste, gizarteari eragiten dioten arazoak desagerrazteko konpromisoa hartzeko gai izango diren ikusentzule kritiko eta gogoetalariak sustatzen du helburu jaialdiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!