Dokumental horren atarian, bertan parte hartu zuten lagun batzuen testigantza jaso gura izan du ANBOTOk. Pedro Mari Urtiaga txikitako laguna, Marisa Barrena irakaslea, Kristina Mardaras bertsolaria eta Sarrionandiaren lanagaz lotura estua duen Ruper Ordorika dira protagonista horiek.
_________________________________________________________________________________________
Pedro Urtiaga: “Bistan zen letren munduko bidea hartuko zuela”
Nola gogoratzen dituzu Garaizarko jolasak?
Ez geneukan ezer, baina oso pozik bizi ginen. Lau familia ginen auzoan eta oso harreman estua genuen. Orduan, Jose Angel, mutiko argia zen eta bistan zen letren munduko bidea hartuko zuela. Zortzi bat urte zituela, kalera joan zen bizitzera familia, eta beste bide bat hartu zuen. Gerora, aittitte eta amama bisitatzera etortzen ziren.
Bere liburu bat aukeratzekotan?
Akordatzen. Haurtzaroko jolasak eta bizitako une ederrak batzen dira. Liburu hori irakurtzerakoan pasarte batzuetan protagonista nintzen beragaz batera.
_________________________________________________________________________________________
Marisa Barrena: “Ironia fina eta idazteko gaitasun itzela zuen”
Nolako garaiak izan ziren gau eskolan bizitakoak?
Motibazioa genuen motor, eta euskara berreskuratzea, biziberritzea helburu. Ironia fina eta idazteko gaitasun itzela zuen 16 urteko gaztea zen ‘Sarri’. Laster hasi zen idazten. 1975ean Durangaldeko ikastolaz artikulua idatzi zuen Zeruko Argian, lan sakona 17 urteko gazte batentzat. Bihar irakurriko dugu jendaurrean.
Sarrionandiaren obra bat?
Zaila da aukeratzea, sentimenduak gailentzen zaizkit sarritan: Ainhoari gutunak barru-barruan dut eta Akordatzen ere berezia da. Lagun izoztua, berriz, gogoetarako lan borobila da. Obra itzela da berea. Kolosala.
_________________________________________________________________________________________
Kristina Mardaras: “Aukera polita da Joseba hobeto ezagutzeko”
Zelan azalduko zenuke Josebaren lana?
Deskubrimendu bat da hain idazle onak bere herriaren inguruan zelan berba egiten duen ikustea, zelan deskribatzen duen. Txikia handi zelan egiten duen. Literaturaz nuen usteari indarra eta bizitasuna eman dizkio. Asko maite dudan idazle bat da.
Errezitaldietan parte hartu duzu, ikasleekin adibidez.
Uste dut beharrezkoa dela Joseba irakurtaraztea. Jardunaldien ideia ona izan da; herritarrek Joseba hobeto ezagutzeko aukera polita dela uste dut, erdaldunengana heltzeko ere bai.
_________________________________________________________________________________________
Ruper Ordorika: “Bere testuekin, kantua entzun eta ikusi egiten da”
Unibertsitatetik, Pott Bandatik, elkarlanean zaudete.
Lehen diskoan bere poema bat sartu nuen, eta ordurako preso eraman zuten. Geroztik, pentsa zenbat kantu egin ditudan bere testuen gainean. Bion ibilbideak batera joan dira. Erreferentzia bat da eta zerbaitegatik hautatzen dute hainbeste musikarik.
Zer du hain berezi izateko?
Bere testuekin, kantua entzun eta ikusi egiten dela esango nuke. Dohain hori poesian ez da askotan gertatzen, derrigorra ez den arren. Liburuen artean, Izuen gordelekuetan barrena, adibidez, garrantzitsua izan zen nire bizitzan.