Josu Eguren atxondarra Cafés Baqué txapelketako finalerako sailkatu da

Joseba Derteano 2017ko urr. 10a, 13:17

Barikuan Iurretako pilotalekuan jokatuko den finalean txapela irabazteko faborito argia den Josu Agirreamalloa markinarra izango du aurrez aurre.

Kadeteetan eta gazteetan buruz buruko final bana izango dira. Eguren gazteetakoan ariko da. Behe-behetik hasi zuen txapelketa eta hainbat kanporaketa gainditu behar izan ditu finalera heltzeko. Aurrelari atxondarrak aurkari gogorra izango du parez pare: Josu Agirreamalloa atzelari markinarra. Bizkaian eta adin horretan dagoen pilotaririk onenetakoa da. Finalerdietan 22-5 irabazi zion Jon Inunziaga iurretarrari.

Kadeteetan Anton Erkiaga zeanuriarrak Oier Ormaetxe lezamarraren kontra jokatuko du. Ormaetxe da faborito, pilota indartsuago astintzen duelako, baina Erkiagak baditu atzelari lezamarra estutzeko baliabideak bere aurrelari dohaiak egoki erabiltzen baditu.

Finalak barikuan, 19:00etan, hasiko dira udan urdinez pintatu zuten Olaburu pilotalekuan. Sarrera doakoa da eta amaieran luntxa egongo da bertaratzen diren denentzako Iurretako Udalak lagunduta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!