Sarrionandiaren ondare literarioak urria zipriztinduko du

Aitziber Basauri 2017ko urr. 5a, 15:14

Iurretako hainbat elkarte eta eragilek parte hartu dute Joseba Sarrionandiari esker oneko jardunaldietan

Joseba Sarrionandia idazle iurretarrari aitortza publikoa egin guran, esker oneko jardunaldiak egingo dituzte Iurretan, urriaren 9tik 28ra bitartean. Jardunaldion baitan Peru Magdalenak eta Pello Salaberriak sortutako Joseba Sarrionandia, hemen eta han dokumentala ere estreinatuko dute. 

 “Joseba Sarrionandiari gure herria munduan zabaltzeagatik zerbait zor diogunaren pertzepzioa izan dut beti”. Halaxe esan du Iñaki Totorikaguena alkateak. “Orain, berdin egin gura dugu geuk ere”. Iurretak idazlea bera eta bere lan oparoa zabaldu gura du herrian eta Durangaldean, “Sarrionandia Iurretan eta munduan kokatuz”, Totorikaguenak esan duenez.

Idazle iurretarraren lana bere osotasunean eman gura dute ezagutzera, “beldurrak uxatuz” eta “mitoaren irudia” gailenduz,  alkatearen berbetan: “idazle jasoa eta jantzia izanagatik, zaila izatea egotzi zaio. Baina, kalitatezko obra da berea”. Hainbat genero literario landu ditu eta hizkuntza askotara itzuli da.

Sarrionandiaren obragaz zipriztindu gura dituzte kaleak, eta horretan lagunduko dute herriko 20 puntu esanguratsutan jarriko dituzten idazlearen esaldi eta poema zatiek. Horretarako, euskara, gaztelania, errumaniera, arabiera, ingelesa eta frantsesa erabili dituzte, herriaren izaera kontuan hartuz.

"Joseba Sarrionandia, hemen eta han" - trailerra from Pello Salaberria on Vimeo.

Sarrionandia, hemen eta han

Sarrionandiari bere lanaren aitortza egiteko, udalak herriko elkarte eta eragileen laguntzagaz antolatutako ekitaldi nagusia urriaren 28an izango da, Askondon, 18:30ean. Orduan erakutsiko dute Joseba Sarrionandia, hemen eta han dokumentala ere. Peru Magdalenak azaldu duenez, “idazlearen biografiaren zenbait garai jasotzen ditu dokumetalak, bere inguruko lagun, kide eta artisten eskutik. Kubako bere ikasleak agertzen diren momentua ere oso emotiboa da”. Gaineratu duenez, “paradoxa da beti fokuetatik ihesi egondako pertsona izanik, orain fokua berari jarrita egotea. Oreka lortzeko lan hori oso aberasgarria izan da sorkuntzarako”. Egun horretan, 11:00etan, ‘Josebaren lekuak’ ibilbide literarioa ere egongo da.

Maiztegi eta Juan Orobiogoitia ikastetxeetako ikasleen eskutik irakurketa publikoa  antolatu dute urriaren 25erako, eta, 26an, Joseba Sarrionandiaren ondarea literatur berbaldia egongo da, Aitzpea Azkorbebeitia eta Jose Julian Bakedanogaz. Ondoren, Tiempo de exilio errezitaldia eskainiko du Isaac Xubinek. Argitu ez duten gonbidatu berezia ere egongo da kultur etxean egingo den ekitaldian.

Urriaren 27an, berriz, Dejabu papin laborategiaren eskutik haurrentzako ipuin kontaketa egongo da, eta Karrika antzerki taldeak Izarrak marrazten obra eskainiko du. Ekitaldiotarako gonbidapenak urriaren 16tik aurrera egongo dira eskura, kultur etxean. Urriaren 9, 16 eta 24an irakurketa klubak egongo  dira.

Erakusketa 

Joseba Sarrionandiaren lan bibliografikoaren erakusketa ere jarriko dute liburutegian, eta idazleari  helaraziko zaion liburu batean idazteko aukera emango zaio bertaratzen denari.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!