“Domeka goizean bota beharreko txapliguak egiten zaizkit gogorren”

Aitziber Basauri 2017ko ira. 29a, 12:05

Sanmigeletan buru-belarri sartuta daude Iurretan. Jai giroa non-nahi eta txapligu hotsa goialdeetan. Andoitz Elorriagak atzo jantzi zuen jaietako zapia, eta errosario egunera arte ez du kenduko. Hala ere, ez du lan makala egunotan: txapliguak botatzeko ardura du. Parranda egin ostean, lan gogorra, aitortu duenez. 

Noiztik sanmigeletan txapliguak botatzen?
Lauzpabost urte izango dira. Aurretik, Jabier Gerediaga arduratzen zen horretaz. Baina, hura hil zenean, neuri pasatu zidaten testigua.

San Migel bezperan hasten zara.

Bai. Montoitik botatzen ditugu txapliguak sanmigel bezperan. Horren ostetik, gaurko egunez, San Migel egunez botatzen ditut, dantzari eta agintarien kalejiran. Montoian hasita, herriko agintariak elizara sartu bitartean jaurtitzen ditut; mezan, Agur Jauna jotzen dutenean ere bai. Errosario eguneko kalejiran ere berdin egiten dut.

Doniel Atxa jartzean ere entzuten dira txapligu hotsak.
Bai. Doniel Atxa jartzen duten bitartean ere jaurtitzen ditut. Orduan, kanpandorretik.

Azken horiek dira berezienak?
Antzera baten bizi ditut denak. Ez dut bat berezia. Baina, domeka goizean  bota beharrekoak egiten zaizkit gogorrenak. Goizeko ajeak ez du askorik laguntzen.

Parranda egin ostean, lan gogorra...
Kalejirara heltzeko ohetik altzatu beharra da gogorra, bestela ez dauka ezer.

Badago halako protokolorik, Dantzarien saioan, adibidez?
San Migel egunez eta Errosario egunez, mutilek banangoa egiten dutenean, ezpatadantzari bakoitzeko txapligu bat jaurtitzen da. Orain, neskei ere bai arratsaldeko saioan, aurreskua eta atzeskua egiten dutenean. Hala ere, ez dago halako protokolo berezirik.

Ekitaldiren baterako deia dira txapliguak...
Baten batzuek 05:00etan ere botatzen dituzte, baina... bai, zerbait badenaren seinale izaten da txapligu hotsa.

Inoiz izan duzu sustorik?
Lehenengo urtean izan nuen sustorik handiena.Elizako kanpandorrean pakete bik eztanda egin zuten, beste txapligu baten garragaz su hartuta.

Eta kontatzeko moduko pasarterik?
Ez. Hainbeste urte ere ez daramatzat eta. Diotenez, aurretik egon da ezustekorik, bai. Txapliguak balkoiren bat jotzea, adibidez. Baina, nik neuk ez dut halakorik bizi izan oraindik.

Zenbat txapligo botatzen dituzu?
Uf! Sanmigel guztietan zehar? Ez dakit, baina, asko! Txupinazoaren egunean eta jaien azken egunean botatzen dira gehien, baina jaiak iraun bitartean ere asko botatzen dira.

Irudikatzen duzu jairik txapligurik barik?
Iurretan? Ez!

Entzun dugu irailaren 28an jartzen duzula jaietako zapia, eta Errosario egunera arte, kendu ere ez. Nola bizi dituzu jaiak?
Jai-giroan! Irailaren 28a eta 29a jai hartzen ditut beti eta, gero, asteburuak aprobetxatzen ditut. Txupinazo eguneko poteoa eta bazkaria ditut gogokoen. Etorriko direnei plaza-girora hurbiltzea esango nieke. Han batzen da jai-giroa, batez ere. Hori du desberdina Iurretak.

Arreba eta aita txirrindulari taldeko zuzendariak dituzu, eta zu zeu mekanikaria ere bazara. Zaletasuna ala ofizioa duzu txirrindularitza?
Denbora asko eskatzen didan zaletasuna, lan moduan hartzen dut-eta. Asteburu eta lasterketa asko dira eta denbora asko eskaintzen diot.

Eta asto-probak?
Baita. Betidanik ikusi ditut Iurretan, eta lagun talde bat asto batzuk erostera animatu ginen, eta horretan ere ibiltzen gara, asto probak antolatzen eta parte hartzen.

Noiz arte jarraituko duzu txapligoak botatzen?
Ikusiko dugu, nekatu arte. Ez dut uzteko asmorik, baina betirako aritzekorik ere ez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!