Iurretako Jaiak 2017

Zirku mundiala etorriko da Iurretara Mozorro Egunean

Markel Onaindia 2017ko ira. 27a, 14:00

Sanmigeletako egun handietako bat izan ohi da Mozorro Eguna, familian zein kuadrillan egunpasa egitekoa. Iurretako kaleak eta plaza kolorez betetzen dira, eta aurten ere horrela espero da. Berezia izango da, gainera. Izan ere, zirkua ipini dute gai lez jai batzordekoek, mozorro bitxi eta barregarrietarako aukera aparta emango duena. Pailazoak, malabaristak, animaliak...  Zirku mundiala etorriko da San Migel jaietara.

Eguerditik irtengo dira kalera iurretarrak mozorrotuta. 12:30ean elkartu, eta poteoa egingo dute tabernarik taberna. 14:30ean herri bazkariaz gozatuko dute, eta, ostean, bingoa egongo dela azaldu dute antolatzaileek.

Umeen zirkua
Arratsaldean etorriko da eguneko ekitaldirik politenetako bat: zirku ikuskizuna. Maiztegi herri ikastetxean, eskolaz kanpoko ekintzen artean, zirkua lantzen dute zenbait umek, eta hilaren 30ean euren trebezia erakutsiko dute kaleetan.  17:30ean hasiko da emanaldia.

Deabruen piroteknia
Eguna ez da hor amaituko. Luhartzen erromerian plaza dantzazalez beteko da, 20:00etan. 22:00etan atseden hartzeko etenaldia egingo dute, eta Lekeitioko Deabruak taldeak piroteknia ikuskizuna plazaratzeko aprobetxatuko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!