Asko jo duzue udan. Asetuta amaitu duzue ala gehiago aritzeko prest zeundekete?
Interesgarria da ikustea bakoitzak nola sentitzen dituen gauzak. Guri iduritzen zaigu biziki gutxi jo dugula uda honetan. Aste batzuk biziki intentsoak izan baitira, baina beste batzuk oso lasaiak. Udazkenera iristen gara jotzeko gogo handi batekin. Inoiz baino hobeto sentitzen gara eszena gainean, beraz, kontent gara heldu diren bi hilabeteak hain beteak izateaz, jakinez gainera, azaroan ez dugula batere joko, eta abenduan eta urtarrilean izugarri gutxi.
Penintsulako hainbat jaialditan jo duzue udan. Zelako esperientzia izan da?
Ona, gu esperientzia berriez beti egarri gara, beraz leku eta jende berriak ezagutzea plazer bat da. Batzuk sorpresa onak izan dira, Sonorama adibidez; beste batzuk arraroagoak, Vigoko skate lehiaketa, adibidez. Eta beste batzuentzat, pentsatzen genuen ongi izanen zela, eta horrela gertatu da. Actitud festibalean, aldibidez, ezin da gaizki pasatu.
Zelan hartu zaituztete herri horietako entzule berriek?
Aldi oro harrera ona izan da, benetan. Entzuleen kopurua aldatu egin da kontzertuen arabera, baina bertan zeudenekin ongi pasatu dugu aldi oro. Beste zerbait da, kantak ezagutzen ez dituen jende baten aurrean gaudelako horrelakoetan. Baina lortu dugu aldi oro atentzioa mantentzen, eta begi gehienetan zerbait pizten. Hori da bederen iduritu zaidana ezsenatokitik.
Entzuleek asko baloratzen duten zuen zuzeneko indar eta entrega hori oholtzara igotzen zaretenero pizten zaizue?
Pozten gara euskara ulertzen ez dutenei ere zerbait transmititzen lortzen badugu. Baina, hala ere, aitortu behar dut beste zerbait pasatzen dela ohartzen zarenean zure aitzinean duzun jendeak kontatzen duzuna segitzen duela. Horrela izan zen berriki Zestoan, eta ederra izan zen zinez! Energiari dagokionez, uste dut gogo eta barneko su hori mantentzen dugula, naturalki, kontzertu guztietan. Gero, zailena da eszitazio hori kontzertu guztian mantentzea, batez ere zerbait gaizki pasatzen bada une batean. Baina, orokorrean, gutxitan galtzen dugu, gero eta gutxiagotan erranen nuke.
Zer une gogoangarri bizi izan dituzue azken urtean eszenatokian? Eta entsegu lokalean?
Oso txarra naiz horrelako galdera irekiei erantzuteko. Gauza gehiegi etortzen zaizkit burura, deus bilakatu arte... Momentu bikainak kontzertu gehienetan bizitzen ditugu, eta hierarkia bat egitea ez zait posible. Entseguetan, erranen nuke ainitzetan gozatzen dugula gehiago Josebaren soloetaz, kontzertuetan baino, eta batzutan, gauza zinez magikoak entzuten ditugu. Elkarri begiratzen diogu besteok, eta ulertzen dugu denei pasatzen zaigula gauza bera.
Geldialdi luze baten ostean, iazko urte amaieran bueltatu zen Willis Drummond oholtzetara. Premiarik duzue berriro denbora hartzeko, berriro ‘Tabula rasa’ egiteko?
Tabula rasa izan da benetako berpizte bat taldearentzat. Aurreko udan zenbait kontzertu eman genituen ere, kanta berriak egiteko gai eta gogotsu ginela ziurtatzea izan da, bersortze bat. Diskoak harrera biziki ona izan du gainera, eta kaleratu zenetik, ematen du gauzak lasaiki baina etengabe hobetzen direla. Eta olatu honetan gabiltza oraindik. Uda honetan bi kanta berri grabatu ditugu, eta laster jakinen da zertarako.
Askok diote ‘Tabula rasa’ azken lana duzuela onena. Zuek nola bizi duzue taldearen eboluzioa? Zer garrantzia izan du zuentzat disko bakoitzak?
Orrialdeak idatzi ahalko nituzke disko bakoitzari buruz, denak biziki inportanteak izan baitira taldearen historian. Egin dugun maneragatik, agertzen diren taldekideengatik, grabaketa metodoagatik, konposatzeko eta idazteko maneragatik... Argi dagoena da taldea eboluzio iraunkor batean dagoela beti, eta uste dut taldearen mamia dela hori. Ez dugu anitz atzera begiratzen, baina egiten dugunean —berriki egitera behartuak izan gara laster iragarriko dugun proiektuarentzat—, hori da burura etorri zaidana. Lortu behar da nortasun bat mantentzen, aldaketak onartuz, hori baita benetako nortasuna. Bai talde batentzat, baita gizaki batentzat ere, ene ustez.
‘Ekiza’ zure bakarkako proiektuari lotuta, zer asmo daukazu?
Bi proiektuak eramaten ditut aldi berean, momentuan taldeari lehentasuna ematen badiot ere. Oraintxe, aldibidez, elkarrizketa honi ene furgonan erantzuten dihardut, Katalunian, Viceko Mercat de Música Viva jaialdian jo eta gero. Data gutxi batzuk iragarri ditut —urrian Baiona eta Larrabasterra, eta azaroan Tolosa—. Hasiko naiz berriz birak antolatzen disko berria izanen dudanean. Ez dakit noiz izanen den, taldearekin ere proiektuak ditugulako!