Iurretako Jaiak 2017

Pirritx, Porrotx eta Mari Motots San Migel egunez egongo dira Iurretan

Aitziber Basauri 2017ko ira. 27a, 09:00

Egun handia dute iurretarrek San Migel eguna. Gainera tradizio handiko ekitaldiek indartuta etorriko da aurten jai eguna. Izan ere, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek irailaren 29rako dute hitzordua jarrita, batetik; bestetik, antolatzen hasi zirenetik lehenengoz aldatu dute egunez bertso jaialdia Jai Batzordekoek, San Migel egunera aurreratuz.

Urteetan asteburu bat lehenago etorri izan dira Pirritx, Porrotx eta Mari Motots Iurretara, jaien atarian. Motorrak berotzeko, egun horietan hutsik egin gabe aurkeztu dute ikuskizuna, Olaburu frontoian. Aurten, berriz, San Migel egunera arte itxaron beharko dute etxeko txikiek. Gainera, lehenengoz, Aita San Migel Plazan arituko dira, Tipa-tapa, Korrika ikuskizunagaz. Doakoa  izango da, 17:00etan hasita.  Euria egiten badu, Maiztegiko frontoian egingo dute.

Bertsolariek, aldiz, Olaburu frontoian jardungo dute,  22:00etan, eta ohiturari eutsiz, goi mailako bertsolariak etorriko dira dira: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Igor Elortza, Jon Maia eta Unai Iturriaga. Josu Goikoetxea izango dute gai jartzaile. Aldaketa hauekin San Migel eguna “indartu” gura izan dute Jai Batzordeko kideek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!