Zure ikasketek laguntzen dute sormenaren munduan?
Baietz uste dut. Ordenagailuko erremintak erabiltzen zein pentsatzerako orduan lagungarria da.
Lehenengo aldia zenuen. Zerk animatu zaitu parte hartzera?
Ez dakit, azken uneko erabakia izan zen. Lagunek animatu ninduten eta aurrera egitea erabaki nuen.
Parekidetasunari keinu egiten dion kartela dirudi. Hasieratik argi zenuen horrelako zerbait egin gura zenuela?
Azken orduan hasi nintzenez, ez neukan denbora askorik zerbait landua edo konplikatua egiteko. Beraz, mezutik jotzea erabaki nuen. Hasieran ez nekien seguru mezua zelan islatu, baina banekien zein ideiatik abiatuko nintzen.
Eta zelan lotu zenuen ideia dantzariekin?
Asier Vera laguna eta ni dantzariak gara Iurretan. Bera argazkilari ona da eta argazkiak ateratzeko geratu ginen. Karteleko irudia aukera desberdinak probatzen joatearen ondorioa izan zen. Tokian bertan inprobisatu genuen. Zenbait ideia hausnartu genituen, eta azkenean ateratakoaren aldeko hautua egin genuen.
Beraz, lagunen laguntza izan zenuen?
Bai, Asierrek argazkiak atera zituen eta Oier Amezuak ere lagundu zidan. Izan ere, esan dudan moduan, egun gutxi genituen dena egiteko. Lehiaketako azken egunean Ibarretxera lana entregatzera joan nintzenean euskarri handiago batean aurkeztu behar zela konturatu nintzen. Arratsaldeko seiak ziren. Korrika inprentara joan, kopia handiagoa atera eta egurrezko xafla baten gainean itsasten ibili nintzen lagunagaz. Estres momentuak izan ziren, egia esanda. Bazkari batera gonbidatu gura ditut eman didaten laguntzagatik.
Kolore aldetik ere kartel kuriosoa da. Koloretsua inguruan eta zuri-beltzekoa irudi nagusian.
Koloreak Iurretako banderan agertzen direnak dira. Zuri-beltzekoak ez du arrazoi zehatzik. Kartela orokortasunean ikusita hobeto geratzen zela iruditzen zitzaigun.
Etxekoei gustatu zaie kartela? Zer diote kartelari buruz?
Zoriondu egin ninduten. Polita da zure ingurukoei norberak egindako lan bat gustatzea.
Lehenengoz parte hartu eta irabazi egin duzu. Sartzeko prest zauden ate bat ireki dizu?
Datorren urtean ere aurkeztuko naizela uste dut, eta lan dotoreagoa egiten saiatuko naiz. Ez dakit berriro irabazteko zorterik izango dudan, baina denbora gehiago hartzen saiatuko naiz.
Eta beste herriren bateko lehiaketan?
Ez daukat parte ez hartzeko arrazoirik. Beharbada horretara jartzea da kontua.
Urte asko daramatzazu Iurretako dantza taldean?
Umetan hasi nintzen lagunekin. Denok batera hasi ginen. Abarkasegaz Goiuria ikastolan. Durangarra naiz, baina Iurretako Maiztegin ikasi dut.
Dantzak tradizio bereziki errotua dauka Iurretan.
Bai, askok barrutik bizi dute. Neuk ere bai. Dantzak tradizio sakona dauka Iurretan.
Zelan bizi izaten dituzu Iurretako jaiak?
Gazteen ekitaldietan ibiltzen gara. Ni eta Iurretako gazte denok, oro har. Ea aurten eguraldiak laguntzen duen.
500 euro irabazi dituzu. Jaietan joango da zati bat?
Ez dakit diruagaz zer egingo dudan, baina, nik uste, lehenengo astebururako helduko dela (barreak). Ez, gorde eta ikusiko dut zertan erabili.