Merinaldeko Ezpatadantzari Egunaren 50. urteurrenak 11 dantza talde batuko ditu: Iurretatik lau talde, Izurtza, Garai eta Mañaritik talde bana, Berriztik Iremiñe eta San Lorentzo dantza taldeak eta Durangotik Txoritxu Alai eta Kriskitin bertaratuko dira.
Irailaren 24an, domekan, ospatuko dute Merinaldeko 50. Ezpatadantzari Eguna, Gerediaga elkarteak, Durangaldeko dantza taldeek eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak antolatuta. 1967an ere irailaren 24an ospatu zuten Ezpatadantzarien Eguna, lehenengoz. Ordutik, ‘Dantzari Dantza’ izenagaz ezagutzen dena —bederatzi dantzek osatzen dute— ezagutzera ematea izan du helburu.
Durangaldean mendeetan iraun ostean, XX. mende hasieran Bizkaiko beste lurraldeetara zabaldu ziren ‘Bizkaiko Ezpatadantza’ izenagaz ere ezagutzen diren dantzak. “Jatorrian lurralde zabalagoan dantzatzen omen ziren, baina XIX. mende amaieran Mañaria, Izurtza, Abadiño, Iurreta, Berriz eta Garaiko elizateetan baino ez ziren dantzatzen. XX. mende hasieran, berpizkunde handi baten ondoren, Bizkaiko lurralde gehienetara zabaldu zen”, Gerediaga elkartetik azaldu dutenez.
Egitarau zabala
Aita San Migel plazatik abiatuko den kalejiragaz hasiko da eguna, 12:30ean. Gero, 13:00etan, Dantzari Dantza eta Soka Dantza edo erregelak egingo dituzte plazan. Bazkaria ere egongo da Askondon eta, eguna amaitzeko, erromeria eta kalejira ere bai.