Astelehenean zabalduko dute Herritarren Arretarako Zerbitzua

Aitziber Basauri 2017ko ira. 15a, 12:19

Gaur egun dute irekiera ekitaldia

Irailaren 18an zabalduko dute Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ) hartuko duen bulego berria. Ordutegi zabalagoa izango du, 08:30etik 14:00etara egongo da zabalik. HAZ ez ezik, Gizarte Zerbitzuak eta Bake Epaitegia hartuko ditu berriztutako espazioak. Udaltzaingoak leku berdinean jarraituko du. Irekiera ekitaldia egin dute gaur.

Iurretako Udalak duela urte bi hasi zuen udala herritarrengana hurbiltzeko prozesua. Webgune berria eta 'Iurreta Zabaltzen' aplikazioa jarri ditu azken urte biotan martxan udalak. Zerbitzuen egutegi bat ipini dute herritarren eskura eta Prozedura Administratiboei buruzko Eskuliburua ere osatu dute. Aurrerapauso bat gehiago eman dute, orain, Herritarren Arreta Zerbitzu integrala eskaintzeko berriztutako bulego honekin. "Herritarren premiei erantzun gura izan diegu eta irudi gardenagoa eskaini", nabarmendu du Iñaki Totorikaguena alkateak. Horretarako EUDEL eta HAEE-ren laguntzarekin herritarren arretarako zerbitzu integralak ezartzeko prozesuen garapenerako prestakuntza eta laguntza programan hartu du parte Iurretak, Errenteria, Amurrio, Elgoibar, Basauri eta Azpeitiako udalekin batera.

Zerbitzu "pertsonalizatuagoa" eta "azkarragoa" eskainiko du HAZ berriak, Totorikaguenak azaldu duenez. Horretarako berregituratu egin dute bulegoa, toki "atseginagoa" eta "zabalagoa" eskainiz. Bi langile egongo dira egun osoz eta hirugarren bat ere aurreikusi dute laguntza emateko, behar izanez gero. 35.000 euroko inbertsioa egin dute hiru hilabete iraun dituzten lanotarako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!