Berdintasunaren eta elkartasunaren alde korrika egingo dute domekan

Aitziber Basauri 2017ko ira. 13a, 19:55
Ibarretxe kultur etxean egin dute aurkezpenaren irudi bat

III. Herri Lasterketa Familiarra aurkeztu dute, gaur, Iurretan. Berdintasuna, elkartasuna, osasuna eta kirola sustatzea du helburu domekan, irailaren 17an, egingo duten lasterketak. Izena emateak euro bat balio du  eta batutako dirua La Otra Mirada elkarteak Senegalen garatzen diharduen egitasmo bat laguntzeko erabiliko da. Parte hartzaile guztiek pintxoa hartzeko aukera izango dute.

Korrika egiteko hitordua 11:00etarako egin dute antolatzaileek, eta adinaren araberako hainbat ibilbide prestatu dituzte. Iaz 300 lagun  inguruk parte hartu zuten herri lasterketa familiarrean eta, aurten ere, orduango "arrakasta handia" errepikatzea espero dute antolatzaileek. Halaxe azaldu du Gu be bai runners-Iurreta proiektuko kide Iraia Garciak.

Korrikaldia amaituta ere egongo da zer egin Iurretan. Umeentazko motor lasterketa hasiko da 12:30ean, eta, 13:00ean, berriz, herri kirolen saioa eskainiko du HEKI elkarteak. Aurten, aterpean egingo dute saioa, Jon Iñaki Etxanok azaldu duen moduan. Errifa solidarioa egingo dute, ondoren. Hainbat sari egingo dituzte zotz 14:15ean hasiko zozketa. La Otra Mirada elkarteko ordezkariek azaldu dutenez, jaboia egiteko tailer bat bultzatzeko erabiliko dute domekan batuko duten dirua. "Gaur egun, Ganbiatik ekartzen dute eta jaboia bertan egiteko aukera izan dezaten leku bat eraikitzen lagundu gura dugu". Proiektu horri babesa eman dio Koikili Lertxundi futbol jokalari ohiak. Aurretik ere elkarlanean aritu dira La Otra Mirada eta futbol jokalari ohia. Besteak beste, Mongolian garatutako Helmugak-Eusport proiektu solidarioan.

Beldur Barik gunea jarriko dute aurten ere Anderebide emakume elkartearen laguntzarekin datorren domekan. Berdintasuna eta jaiak aske bizitzeko eskubidea aldarrikatu gura du ekimenak, Anderebide elkarteko Ana Mari Urkidik azaldu duenez. "Iurreta eraso existarik gabeko gunea izatea dugu helburu eta horretarako Beldur Barik gida zabalduko dugu, zer den eraso sexista bat eta horren aurrean zer egin behar dugun azalduko dugu". Zorione Fundazuri zinegotziak gaineratu du Iurretan egun hori aprobetxatuko dutela Beldur Barik lehiaketa aurkezteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!