Ofizialki San Migel bezperan jaiak hasiko dituzten arren, domeka honetatik ez da jai girorik faltako Iurretan. Asteburu honetan bertan, Iurretako Txirrindulari Elkarteak antolatuta Ahari zikloturista martxa eta udalaren eskutik herri lasterketa familiarra izango dira, besteak beste. Aipatzekoa da baita La Otra Mirada GKEak gunea jarriko duela eta Beldur Barik gunea ere izango dela.
Aurtegoan "dezente aldatutako" San Migel eguna antolatu dutela jakitera eman dute Jai Batzordeko kideek. Esaterako, orain arte zapatuan izaten zen bertso saioa, San Migel egunera pasa dutela jakitera eman dute. Josu Goikoetxea gai jartzaile dutela, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Igor Elortza, Jon Maia eta Unai Iturriaga bertson ariko dira hilaren 29an, Iurretan. Bestalde, arratsalde horretan bertan, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoak herriko plazan, dohainik, egongo direla jakitera eman dute.
Bestalde, aurtengo San Migel jaietan gazte zein umeen egitarauak indartu dituztela jakitera eman dute gaurko prentsaurrekoan. Hori horrela, jaiak irauten duten bederatzi egunetan, familiako gaztetxoenek egitarau zabala izango dutela nabarmendu dute.
Horrez gain, urtez-urte hutsik egin ez duten ekitaldiek ere bere lekua dute aurkeztutako jai egitarauan. Azken urteetan moduan, oraingoan ere Luhartz taldeak berotuko du zapatua. "Iaz lez, aurten ere, aurreratu egin dugu ordua. Bi saiotan joko du Luhartzek. 20:00etatik 22:00etara izango da aurreneko saioa. Ondoren, Lekeitioko deabruak ikuskizuna izango da, eta, hori amaituta, bigarren saioa hasiko dute". Horrela azaldu dute Jai Batzordeko kideek. Ostean, berriz, Ainhoa Dja, egongo da. Rock kontzertuak, berriz, bezperan, irailaren 29an izango dira.
Jai Batzordeko herriko elkarteen lana nabarmendu dute, eta batez ere eskerrak eman dizkiete, Txirrindulari Elkarteari, Zaldai Mendi Taldeari, Gazte Asanbladari, Andere Bideri eta Kimuak elkateari.
Bi kartel jaiak iragartzeko
Azken urteetan bezala, San Juan Bezperan egin zuten aurkeztutako lan guztien erakusketa herriko plazan eta Unai Agorria durangarraren lana izan zen bozkatuena. Bestalde, aurten lehen aldiz egin duten gaztetxoen kartel lehiaketa Xabat Agirre iurretarrak irabazi du.