Prentsa oharrean azaldu dutenez, udal-mugartean dagoen Juan Orobiogoitia institutuak udal-titulartasuneko higiezin bat du, eta gaur egun ez zaio inolako erabilera akademikorik ematen. Eraikin hexagonala bi solairuko higiezin bat da, eta gainjarrita dauden bi hexagonok osatzen duten azalera du, 180,00 m2-koa. Durangoko Udalak 1967ko irailaren 21ean eskuratutako lursailean dago eraikina, eta lursail horretan eskola-multzo bat eraikitzeko abuztuaren 4an hartutako osoko bilkuraren erabakiaren bitartez eskuratu zen.
“Gaur egun, eraikin horrek ez du erabilera akademikorik, Juan de Orobiogoitia zentroko zuzendariarekin hitz egin eta gero egiaztatu dugunez. Beraz, aukera ezin hobea daukagu Iurretak dituen premientzako erabiltzeko. Horrela bertan daukagun azpiegitura bat berrerabili eta hobetu dezakegu, behar den inbertsioa lar altua izan gabe”, azaldu du Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak.
Udalak azaldu duenez, higiezin hori behar dute herriko kultur eskaerari eta gazteen aisialdirako beharrei erantzuna emateko. Gaur egun udalak Ibarretxe Kultur Etxea eta Goiuria Kultur gunea horretarako dituen azpiegiturak osatu gura dituzte udalerriko gazteen beharrizanak asetzeko. Ondorio horretara heldu dira urte honetan zehar garatu den IU Gazte izeneko gazte programaren bidez.