Zelan hartu duzu Zinebi jaialdiko zuzendari kargua?
Ilusio handiagaz, erronka handia baita Bilbokoa bezalako nazioarteko zinema jaialdi bat zuzentzea. Zinebi A kategoriako jaialdia da, eta erantzukizun handia dakar karguak, baina lan egiteko oso gogotsu hartu dut izendapena.
Lehiaketa publiko bidez hautatu zaituzte.
Bai, azken 17 urteetan jaialdia zuzendu duen Ernesto del Rio aurten da jubilatzekoa, eta bere ordezkoa topatzeko lehiaketa publikora deitu zuen Bilboko Udalak. Hiru parte izan ditu hautaketa prozesuak: lehenengo galbahea esperientzia, hizkuntzak eta formakuntza izan zen, gero curriculumaren balorazioa egin zuten, jaialdiaren etorkizunerako proiektu bat aurkeztu behar izan genuen, eta, azkenik, elkarrizketa pertsonala egin ziguten. Hiru lagun ailegatu ginen elkarrizketara, eta ni hartu ninduten.
Zinebiren 59. edizioa izango da aurtengoa, eta zeu zara jaialdia zuzenduko duen lehenengo emakumea.
Bai, Zinebin sekula ez da emakume bat zuzendari izan, eta oso pozgarria da gure jaialdian bezala, beste esparru batzuetan ere gero eta emakume gehiago ikustea. Gero eta emakume zinemagile edo programatzaile gehiago dago, eta zuzendaritza karguetan ere gutxinaka gero eta gehiago gara.
Orain arte zer hartu-eman eduki duzu Zinebigaz?
Alde batetik, jaialdiko film laburren hautaketa batzordeko kidea izan naiz, eta baita opera primen lehiaketarako taldekoa ere. Bestalde, euskal sortzaile gazteekin hainbat proiektu aurrera ateratzen laguntzen ere ibili gara. Nosotras, mujeres Euskalduna dokumentala egiten lagundu genuen iaz, duela bi urte Distantziak dokumental kolektiboa, eta orain hiru urte Errautsak. Zinema eta alde performatiboa bultzatzen ere jardun izan gara.
Zinebiko lan horiek beste hainbategaz uztartu dituzu. Irakasle jardun izan zara.
Bai, duela 13 urtetik ibili naiz EHUn Ikusentzunezko Komunikazio eta Publizitate Sailean klaseak ematen. Bartzelonan, Sortze Dokumentalaren masterrean ere ematen ditut eskolak, eta zinema dokumentalari lotuta, Kuban eta Argentinan ikastaroak eskaini ditut. Freelance moduan, bestalde, proiektuen aholkulari lana ere egin dut.
Aurtengo edizioari begira, Ernesto del Riok eta biek daramazue zuzendaritza.
Bai, bion artean gabiltza aurten. Uztailaren 15ean itxi zen film laburrak aurkezteko epea, eta asko ikusi ditugu dagoeneko. Orain film luzeei helduko diegu, eta Locarno eta Veneciara bidaiatuko dugu hango jaialdietako uztatik ere aleren bat hautatzeko. Irailaren amaieran itxiko dugu aurtengo edizioa.
Zer ikuspegi berri eman gura zenioke Bilboko jaialdiari?
Nire proposamena da Zinebi, gaur egun den bezala, film labur, dokumental eta opera primarik onenen erreferentziazko erakusleiho izatea. Uste dut jaialdiak oso adi egon behar duela belaunaldi berriek egiten duten lanari. Proposamen ausartak eta oso garaikideak izaten dira, urtero, film laburren sailean, adibidez. Zinema kanonikotik haratagoko diziplina anitzeko lanei eta euskal sortzaileei lekua egiten jarraitzea ere gura nuke. Finean, zinema garaikidearen mostra interesgarria izatea Zinebi.
Oso egonkortuta dago jaialdia, 60. edizioari begira, iada.
Bai, eta oso ona da hori. Oso polita da duela 20 urte jaialdian bere lehenengo film laburra aurkeztu zuen jendearen bilakaera ikustea. Jaialdietan sortzen den giroa oso inportantea da etorkizuneko proiektuak martxan jarri eta hausnarketa bultzatzeko.
Atzerriko zinemagintzaren nobedadeak dira Zinebiren ardatzetako bat. Asko bidaiatzen duzu beste jaialdietara?
Bai, gure lanaren parte oso inportantea da. Beste herrialde batzuetako jaialdietara filmak ikusi eta ekartzera joatea —eta ahal bada Estatuko estreinaldia lotzea—, A kategoriako jaialdi handiekin harreman sendoak lantzea da gure egitekoa, eta, horretarako, asko bidaiatu beharra dago.
Zelakoa da hainbeste film ikusteko lana?
Gogorra da. Ordu asko eman behar dituzu filmak ikusten, eta ikusitakoaz hausnartzen. Pentsa, plataformaren bitartez bakarrik, ia 5.000 film labur inguru jasotzen ditugu. Hala ere, oso lan ederra da, ikusleei normalean zinema-aretoetan ikusi ezin daitezkeen film interesgarriak ekartzen baitizkiegu.
Film bat ikusterakoan, zer da gehien baloratzen duzuna?
Ikusentzunezko lengoaia ausarta baliatzea. Begirada pertsonala, intimista, ematen duten filmak ditut gustuko. Izan ere, uste dut zinema egiteko, bizitza pertsonalean zein maila kulturalean esperientzia bizi izanak berebiziko garrantzia duela.
Ikusten duzu horrelako begiradarik euskal zinemagintzan?
Euskal zinegileak ausartagoak izatea gustatuko litzaidake; uste dut, orokorrean, oso konbentzionalak garela. Hala ere, noski, badaude euskal zinegile gazte ausartak ere. Horien lana nazioartean gehiago zabaltzea izan behar litzateke, nire ustez, etorkizuneko helburua.