"Plazer bat da zuekin elkarbizitzea"

Markel Onaindia 2017ko uzt. 14a, 13:35

Iurretako Alhoda meskitaren inauguraziora jende ugari batu da, zabalpena herrian normaltasunez hartu gura duten seinale. Tea hartuta eta deneriko gozoak dastatuta eman diete ongietorria. 

Herriko zenbait elkartetako kideak etorri dira inauguraziora, hala nola, Anderebide eta La Otra Miradakoak. Guztiei eskerrak eman dizkie Axura elkarte musulmanaren izenean Abdelghani Aboubi presidenteak. "Plazer bat da zuekin elkarbizitzea", adierazi du hasierako berbaldian. Euren erlijioaren irudia kaltetu duten iritzi eta gertakarien aurrean, irudi hori ona izan dadin saiakera egingo dutela esan du. 

Udalaren izenean, EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko zinegotziak egon dira ekitaldian; Durangaldeko Podemos-Ahal Dugu eta Durangoko Herriaren Eskubideko kideak ere bai. Iñaki Totorikaguena alkateak uste du keinu baikorra dela Axura elkarteak meskita "leku garden, ireki eta integratzailea" bihurtu gura izatea. Gainera, udalak onartutako adierazpen instituzionala ekarri du gogora Totorikaguenak. "Pertsona guztiek, euren jatorria edo erlijioaz harago, bizitza normal eta duina garatzeko eskubidea dute. Iurretak herri kohesionatua izan gura du. Beti izan da plurala eta anitza, eta herri abegitsua izan gura du lehengo eta oraingo migranteekin", aipatu du besteak beste. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!