Suhiltzaileen koordinazioa indartuko dute Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako aldundiek

Aitziber Basauri 2017ko uzt. 3a, 13:03

Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabak suhiltzaileen zerbitzuen koordinazioa indartuko dute mugakide diren eremuetan gertatzen diren larrialdiei "modu eraginkorragoan" erantzuteko. Horretarako hiru foru aldundiek lankidetza hitzarmena sinatu dute. Iurretako suhiltzaile-etxean aurkeztu dute, gaur, lau urteko indarraldia duen akordioa.

Bertan izan dira Ibone Bengoetxea Bizkaiko Herri Administrazioarako eta Erakunde Harramenaterako diputatua, Imanol Lasa Gipuzkoako Gobernantza diputatua eta Pilar Garcia de Salazar Arabako aldun nagusiordea. Suteetan, salbamenduetan eta materia arriskutsuekin gertatzen diren istripuetan suhiltzaileen mobilizazioa eta esku-hartzea arautzen du lankidetza-hitzarmen horrek.

Hitzarmen horren bitartez erakundeen lankidetza sustatu nahi dute honako hiru egoera hauen aurrean: salbamenduetan eta erreskatean; materia arriskutsuen garraio istripuak, ihesak, isurketak eta presio edo tenperatura aldaketak gertatzen direnean; eta, suteak daudenean.

Suhiltzaile-etxeek larrialdiko deia jasoko dute lurraldearekin mugakide diren herrietan istripuak gertatzen direnean. Laguntzazkoak izango dira esku-hartze horiek, eta istripua gertatu den lurraldeko suhiltzaileak heltzen direnean beraiek hartuko dute operatiboaren agintea eta ardura. Bizkaiko aldundiko ordezkari Ibone Bengoetxeak larrialdi egoera baten aurrean ahalik eta lasterren erantzuteko "hirurak bat" egin dutela nabarmendu du. 

Hiru foru aldundietako ordezkariak Iurretan izan den prentsaurrearen ostean

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!