Amatzako III. trikitixa jaialdia ospatuko dute ekainaren 30ean

Itsaso Esteban 2017ko eka. 26a, 12:38

Azken bi urteetan egin duten bezala, Iurretako auzo horretako jaien barruan ospatuko dute Amatzako III. trikitixa jaialdia, ekainaren 30ean. Sei bikote gonbidatu dituzte jaialdian jotzera: Leire Zumeta eta Amaia Arza, Zabaleta anaiak, Lohitzune Berasategi eta Eneko Dorronsoro, Laja eta Landakanda, Zabaleta eta Motriku eta Eneritz eta Ainhoa arituko dira, 20:00etan.

Aurreko bi edizioetan bezala, bikote bakoitza hamar minutuz jardungo da, librean. Egoi Petite jaialdiaren antolatzaile eta trikitilariaren berbetan, “librean arituko dira, horrela jardunda hautematen baita hoberen musikari bakoitzaren estiloa”.

Aurreko bi edizioetakoagaz bezala, hirugarren jaialdirako prestatu duten kartelagaz ere oso harro daude antolatzaileak. “Lehenengo ediziotik egundoko bikoteak etorri dira Amatzako jaialdira, eta oso pozik gaude hurrengo bi urteetan ere maila hori mantentzea lortu dugulako”, dio Petitek. “Aurtengoa ere jaialdi potentea izango da, eta jende asko etortzea espero dugu”.

Iurretako Udalaren diru-laguntzagaz antolatu du Amatzako trikitixa elkarteak datorren barikuko ekimena. Jaialdia antolatzeko arrazoia jendeari trikitixa entzunez gozatzeko aukera eskaintzea dela dio Petitek, baina jaialdiak auzoko jaiei bultzada bat eman diela ere onartu du, trikitixak jende berria erakarri duela Amatzako jaietara.

Laja eta Landakanda
Iñaki Garmendia Laja (Azkoitia, 1944) eta Ramon Zubizarreta Landakanda (Azkoitia, 1932) trikitilariak eta musikari gaztetxoak oholtza berean arituko dira, ekainaren 30ean, Amatzan. Laja eta Landakandaren parte-hartzeak bereziki pozten ditu jaialdiko antolatzaileak. “Trikitixaren historiaren parte dira, eta oso pozgarria da beraiek gurean elkarregaz jotzen entzun ahal izatea”, dio Petitek, “izan ere, dagoeneko ez dute erromerietan jotzen”. 40 urtez ibili dira azkoitiarrak elkarregaz jotzen.  

Sei bikoteen emanaldien ostean, aurreko bi urteetan bezala, afaritarako elkartuko dira trikitilariak zein txartelak eskuratu dituzten musikazaleak. Afalostean, jaiak eta musikak jarraipena izango du, eta erromeriagaz amaituko dute eguna.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!