Alaitz Areitio: “Gure semeak 1.400 kilometro egin behar ditu amagaz egoteko”

Markel Onaindia 2017ko eka. 23a, 13:04

Sara Majarenas presoaren alabak jasandako eraso sexistak kartzeletan daudenen seme-alaben egoera ekarri du mahai gainera. Sare lanketa bat egiten dabil, eta Araitz Zubimendik eman du horren berri. Renneseko espetxean dela, Alaitz Areitiok bere kasua kontatu du amatasunetik. 113 dira gurasoren bat kartzelan duten Motxiladun umeak

Alaitz Areitio Azpiri iurretarra eta bere bikotekide Igor Igartua 2007ko ekainean atxilotu zituzten, Frantzian. Lau asteko haurdun zegoen ama, eta 2008ko otsailean jaio zen Eihar. Alaitz Rennesen dago zigorra betetzen ETAkide izateagatik, 2021era arte. Umea eta aita etxean daude, baina ezin dira hirurak elkartu, aitak Frantzian sartzeko debekua duelako.

Zelan gogoratzen duzu umea eduki zenuen sasoia?
Intentsitatez betetako garaia izan zen, zoriontsua eta gogorra aldi berean. 24 ordu umeagaz egotea topera gozatu nuen, baina nekagarria ere bazen. Une horietan etxekoengandik hain urrun egotea eta Igorregaz ezin egotea gogorra zen. Asteburuetan, etxekoak bisitan zetozenean, umea eurekin irteten zen, eta, horrela, aita bisitatzera joaten zen. Garai hartan, Fleuryn ez geneukan telefono deirik, eta gutunek hilabete behar izaten zuten. Beraz, hain une berezia isolatua lez bizi izan nuen. Bizi-baldintzak modulu arruntean baino hobeak ziren, baina, hala ere, ordu pila bat ematen genituen 9 metro karratuko ziega batean itxita. Horrek estres egoera sortzen zuen, batez ere haurra gaixorik zegoenean.

Uneoro batera egotetik, hilean behin ikustera pasatu zineten umea irtetean.
Hileko bisita topera aprobetxatzen saiatu arren, gutxiegi zen. Euskal Herritik 900 kilometrora egoteak zailtasunak areagotzen ditu. Senideak heldu arte ez zaude lasai: tren grebak, hegazkin arazoak, istripuen beldurra... Etapa berri horrek bere alde onak izan zituen, Eihar Euskal Herrian zegoen, etxean. Gainera, hiruroi bisitak egiteko aukera eman ziguten; momentu horiek magikoak ziren.

700 kilometrora zaude.
Autoz, 7-8 orduko bidaia da, eta buelta, beste horrenbeste. Nire ahizpak lan egunak galdu behar izaten ditu, eta semeak eta ilobak eskola egunak. Duela lau urte Igor espetxetik irten zenetik, Frantzian sartzeko debekua dauka; beraz, bera ezin da etorri. Gure semeak 1.400 kilometro egin behar ditu amagaz egoteko, eta lau urte daramatza bere aitagaz eta amagaz batera egon barik. Beti gauzen onena ateratzen saiatzen gara, baina ez dago eskubiderik haurrei hau egiteko. Umeek krudelkeria hau sufritzen dute, duela 30 urte politikari batzuek erabaki zutelako, eta gaur egun horrela izan dadin gura dutelako. Min honen atzean arduradun politikoak daude, eta zerbait egin behar dugu bukatzeko.

Zelan bizi duzu amatasuna?
Ausentziaren eta presentziaren artean bizi dut. Une bakoitza luzatzen edo dilatatzen saiatzen gara. Umearen bizitza aurrez grabatuta bezala bizi dut askotan, telefonoz edo bisitan esaten didatenagaz. Espetxeak berak suposatzen dituen mugekin eta dispertsioak gehitzen dituenekin, ama arrunt baten rola edo funtzioa betetzea ezinezkoa zait. Beraz, ama nire modura izaten saiatzen naiz; nire lekutxoa egiten, ahal dudan guztia ematen eta hartzen, gozatzen, bizitzen. Eta noski, umea nire bizipoza da. Baina ukaezina da hutsune erraldoi bat dagoela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!