Araitz Zubimendi: “Oierrek hilean lau orduz ikusten ditu umeak, eta hainbat gauza galtzen ditu”

Markel Onaindia 2017ko eka. 23a, 12:00

Motxiladun umeak. Horrela izendatu dituzte ama edo aita ikusi ahal izateko kartzelara bidaiatu behar duten 113 umeak, euskal presoen seme-alabak izatearren dispertsioa eta urruntasuna ezagutu behar izan dituztenak. Sara Majarenas presoaren umeak bere aitaren partetik jasandako eraso sexistak mahai gainera ekarri du presoen umeen gaia, eta Sare mugimenduak lanketa hasi du euren egoera ikustarazteko.

Durangon, esaterako, ikastetxeetara jo dute dinamikaren berri ematen, eta hileko azken barikuko elkarretaratzean parte hartzera deitu diete. Joan zen astean, Motxilaren umea pelikula proiektatu zuten Plateruenean, eta bertan izan zen Araitz Zubimendi, Oier Andueza preso durangarragaz batera ume bi dituen ama hernaniarra. Bera ere badabil Sarek martxan jarri duen lanketan; ume kopurua aztertu dute, eta euren testigantzak jasotzen hasi dira psikologoen laguntzaz.

Zubimendik dio urruntasuna umeen kalterako dela. “Ume askok furgoneta batean lo egiten dute astebururo, bizitza soziala galtzen dute, eskolara huts egiten dute bariku askotan... ”, esan du hernaniarrak. Horrez gainera, ausentzia sufritzen dute. “Umeek ez dute galdetzen ea aitatxo noiz ekarriko duten Martutenera, galdetzen dute ea noiz datorren etxera. Umeek jakin egin behar dute gurasoak zergatik eta zertarako dauden kartzelan. Guk ere gizarteari galdera hori egin gura diogu: ETAk bere jarduna utzita, zertarako daude kartzelan, ume hauei suposatzen diena kontuan hartuta?”, bota du Zubimendik.

Bere arabera, gizartean kartzela tabu bat da. “Umeek jasotzen dutena da kartzelan lapurrak eta gaizkileak daudela, baina ez da egia. Bisitan joaten den edonork badaki batez ere pobreak daudela espetxean, eta zerk eraman ditu horra? Gero, disidente politikoak daude, batzuk borroka armatua egiteagatik, baina desarmea bultzatzeagatik edo errefuxiatuei laguntzeagatik ere bai beste batzuk”.

“Marrazkiak, ipuinak”
Zubimendik eta Anduezak 7 eta 3 urteko ume bi dituzte. Lehena, hiru hilegaz kartzelan sartu zen amagaz. Murtzian dago Andueza. “Hilean lau orduz ikusten ditu umeak, eta hainbat gauza galtzen ditu”, azaldu du amak. “Umeekin egotea eguneroko motibazioa da berarentzat. Marrazkiak, ipuinak eta eskulanak egiten dizkie, eta telefonoz astean birritan deitu ere bai. Dauzkan zirrikituak topera erabiltzen ditu”. 2021eko urtarrilean geratuko da libre.

Euren umeez aparte, Durangaldean ere badira Motxiladun umeak: Gorka Fraile (Badajoz, Espainia) eta Gorka Palacios (Sainta Maur, Frantzia) durangarrenak, Andoni Zengotitabengoa (Lisboa, Portugal) elorriarrarenak eta Alaitz Areitio iurretarrarena (Rennes, Frantzia).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!