Ideia lehiaketa honen helburua da herrigunean “espiritu ekintzailea” sustatzea. Proiektuek herriguneko baldintzekin bat datorren enpresa-errealitatea ekarriko duen ideia izan behar dute oinarri, udal arduradunek azaldu dutenez.
Irabazleak 6.000 euro jasoko ditu eskudirutan. Obra eta jarduera lizentziak ematean laguntzaren %20 jasoko du, eta proiektua gauzatzeko establezimendua irekitzeko lizentzia ematean, %50. Gainerako %30a urtebeteko epean emango zaio, irekiera-lizentzia ematen zaionetik aurrera zenbatzen hasita.
Iaz hutsik geratu zen lehiaketa. Ez zen inor aurkeztu. 2015eko lehiaketa, berriz, Urki paper dendak irabazi zuen.
Herrigunera mugatuta
Proiektuek udalerriko errealitatea izan behar dute gogoan, eta herriko honako kale hauetara mugatuko dira: Bidebarrieta, Bixente Kapanaga, Dantzari, Fray Juan Askondo, Maspe, Padureta, Zubiaurre eta Uralde kaleetara eta Amilburu Musikarien plazara. Enpresa sortu gura duten guztiek hartu ahalko dute parte, bai pertsona fisikoek, bai juridikoek (enpresa ertain eta txikiek), baldin eta horien enpresa-proiektua Iurretako herrigunean kokatzea aurreikusi bada.
Lehiaketan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea zabalik dago. Ekainaren 1etik urriaren 31ra artean dago aukera proiektuak aurkezteko.