Iurreta antzezlez eta akrobataz beteko duen XI. Kalez Kale jaialdia aurkeztu dute

Itsaso Esteban 2017ko eka. 7a, 16:00

Oscar Castaño Garbitxu jaialdiaren zuzendariak, Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak, Pili Jimenez kultura teknikariak eta Pedro Ormaetxea Artekale elkarteko presidenteak aurkeztu dute Kalez Kale jaialdiaren aurtengo edizioa.

Iurretako kale eta plazetara Euskal Herriko konpainien sorkuntzak ekarriko dituen Kalez Kale jaialdiaren XI. edizioa ospatuko dute, datorren asteburuan. Ekainaren 15etik 18ra, kaleko zazpi ikuskizun izango dira gozagai.

Aktore lanak Katalunia eta Andaluzia aldera eroan aurretik Iurretan ikasi zuen Javier Garcia Mimo-k eskainiko du XI. Kalez Kaleko lehenengo emanaldia. Eskobien atzetik lana antzeztuko du, akrobaziak eta umorea uztartuz. “Ikuskizun zoragarria” da Garciarena, Iurretako kaleko antzerki jaialdia antolatzen duen Oscar Castaño Garbitxuren berbetan. Ekainaren 15ean eskainiko du, 18:00etan, Dantzari plazan.

Ekainaren 16an hiru emanaldi izango dira, Iurretan. Lehenengo biak Askondon, eta hirugarrena, plazan: Shakti Olaizolak Baldin Bada antzeztuko du, 18:00etan, margolan bat osatuko du akrobazien bitartez. Zuhar Prest taldeak, Paradoxa eskainiko du, 19:00etan, eta azkenik, ekainaren 16ko eskaintza oparoa borobiltzeko, Markeliñe taldeko zornotzarrek Crusoe antzeztuko dute, 20:30ean. 

Bi emanaldi izango dira, bestalde, ekainaren 17an: Ortzi akrobataren Ilusioa, eta Roberto Ferreroren Mr. Pichihi. Hodei magoak itxiko du aurtengo Iurretako kaleko antzerki jaialdia, ekainaren 18an, 13:30ean.

Euria egin ezkero, Askondoko aterpera lekualdatuko dituzte emanaldiak —Markeliñeren kasuan, euria egin ezkero frontoian eskainiko dute Crusoe.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!