Umeen futbol festagaz minbizia duten gaztetxoei lagunduko diete

Joseba Derteano 2017ko mai. 23a, 14:05

Lutxi Calvo Aspanovas elkarteko kidea , Mikel Aranguren Gertasporteko presidentea, Iñaki Totorikaguena Iurretako alkatea eta Mari Jose Martinez Aspanovas elkarteko kidea gaurko prentsaurrekoan

Futbola elkartasunagaz lotu dute ekainaren 10ean Iurretako aterpe berrian egingo duten ekimena.

Gertasportek eta Iurretako Udalak ekarlanean antolatu duten ekimena da.  Ekainaren 10ean futbol kantxa bat (15X8) jarriko dute Askondoko aterpean eta, 10:00etatik 20:00etara, hiru hiruren kontrako partiduak jokatuko dituzte 2004-10 urteen artean jaiotako neska-mutikoek. Puzgarriak, eskulanak… izango dira egun osoan zehar. Opariz betetako zesta bat ere zotz egingo dute. Euro bat da errifa bakoitza. Athleticeko jokalari denek sinatutako Oscar de Marcosen kamiseta eta Undarribike-en bizikleta dira zestako oparietako bi. Ume bakoitzak kamiseta eta domina bana jasoko du. 300 kamiseta prest dituzte parte hartzaileen artean banatzeko.

Izen-ematea Larrakozelaian, Durangoko Open Shop dendetan eta Gertasporten webgunean egin daiteke gaurtik hasita: 10 euro umeko (30 euro taldeko). Edozein herritako haurrei irekita dago. Izen-emateekin zein zestaren zozketagaz batutako diru guztia Aspanovas elkarteari emango diote.

Aspanovas minbizia duten umeen gurasoek sortutako elkartea da. Gaztetxoak Gurutzetako ospitalean dauden denboran, hango egonaldia erosoagoa eta eramangarriagoa izan dadin saiatzen dira. Astelehenetik barikura ekintzak (pailazoak, musika terapia, eskulanak…) antolatzen dizkiete. “Ume baten irribarreak ez du preziorik”, azaldu du elkarteko kide Lutxi Calvok. Umeei ez ezik gurasoei ere laguntzen diete: esaterako, harrera pisu bat dute behar duenarentzat.

Elkarteari lagundu gura dionarentzat kontu korronte zenbaki bat bideratu dute: ES97-3035 0129 16 1290038768 (Laboral Kutxa). Kultur etxean itsulapikoak ere jarriko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!