Abasolo: “Sistema berriekin gero eta ezagutza zehatzagoa behar da hainbat konponketa egin ahal izateko”

Itsaso Esteban 2017ko mai. 18a, 08:53

Mekanika ikasi eta arlo horretan lan egin zuen, hainbat urtez, Beñat Abasolo iurretarrak. Gaur egun Iurretako Renault Gaursa kontzesionarioko harreragile beharrean dihardu; autoa tailerrera daramaten bezeroei harrera egiteaz arduratzen da. Edozein gidarirentzat baliagarri izan daitezkeen gomendioak eman ditu.

Abasolok dioenez, krisi ekonomikoaren eraginez ibilgailuen bizitza erabilgarria gero eta gehiago luzatu gura dugu gidariok, eta gero eta baldintza eskasagoko autoak dabiltza errepideetan. “Konponketa txikiak eginda autoen bizitza erabilgarria luzatu gura dugu, baina oso inportantea da beharrezko konponketa guztiak egitea autoa behar den bezala matentzeko”. Oinarrizkoena gurpilak ondo edukitzea da, Abasoloren berbetan, “eta gehiegi iraunarazi gura izaten ditu jendeak”.

Gurpilen higatzeaz
Erosten dugun autoa egoera onean mantendu ahalko dugun ala ez kontuan hartzea ezinbestekoa da, Beñat Abasoloren berbetan. “Egundoko autoa erosi eta gurpilak aldatu behar direnean merkeak gura izatea ez da bateragarria”, azpimarratu du, “mantenua garestia da”.

Izan ere, segurtasunari loturiko aurrerakuntzek ekarri dituzten sistema berriek gurpilak azkarrago higatzea dakarte. “Sistema horiek itsasgarritasun handia ematen dute, eta horrek gurpilak asko higatzea dakar”, dio Abasolok. “Eta beraz, kilometro gutxiagoro aldatu behar dira: lehen 30.000-40.000 kilometrogaz aldatzen bagenituen ere, orain 20.000 kilometrogaz aldatu beharra dago, gutxienez gurpiletako bi”.

Gurpilak ez ezik, airbagak, eta frenoetako ESP eta ABS  sistemak ere autoaren segurtasuneko oinarrizko elementuak direla azpimarratu du Abasolok. “Bizia salba diezazukete”, nabarmendu du. “Edozelan ere, segurtasunari eta erosotasunari dagokienez, asko hobetu dira autoak: ibilgailu merkeenek ere segurtasuneko hainbat berme eskaintzen dituzte”.

Urtero, tailerrera
Autoari urtero berrikuspen orokor bat egitea gomendatzen du Beñat Abasolok. Dioenez, gero eta jende gehiagok eramaten du autoa tailer ofizialetara, erosi eta lehenengo 4-5 urteetan, behintzat. Bestelako tailerren konpetentziari erantzunez, azaldu du, bestalde, markak eskaintza alternatiboak, merkeagoak, egiten hasi direla bezeroak zerbitzu ofizialera etortzeari utzi ez diezaioten.

Oinarrizko ezagutza
Iurretarrak nabarmendu duenez, asko aldatu da azken urteotan mekanikaren mundua, eta “gero eta ezagutza berezituagoa behar da hainbat konponketa egin ahal izateko, eta gauza asko ezin dira ordenagailurik barik egin”. Hala ere, badaude Abasolok azpimarratu dituen gutxieneko batzuk,  gidari guztien kultura orokorreko ezagutzaren parte izan beharko liratekeenak. “Adibidez, olio eta ur nibelak begiratzen edo gurpilen higadura konprobatzen jakitea. Izotzaren kontrako likidoa non botatzen den edo tenperaturaren orratza zein den argi edukitzea ere inportantea da autoa egoera onean mantentzeko”. Bestalde, Abasoloren ustez, edozein gidarirentzat onuragarria litzateke, “gurpilak zelan aldatzen diren eta katua non jarri behar den jakitea”.

Ohikoa baino bidaia luzeago bati begira, abiatu orduko gurpilen presioa, eta uraren eta olioaren nibelak konprobatzea gomendatzen du Beñat Abasolok, eta “bidean edozein matxura gerta daitekeenez, garabiaren telefonoa eskura izatea ere garrantzitsua izaten da”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!