Noiztik zabiltza autobusa gidatzen?
Errepidean bizitza osoa daramat, baina 2001etik nabil autobusa gidatzen. Hasieran, autobus berezi bategaz hasi nintzen; ikasgela bihurtzen zen autobus bat gidatzen nuen, eta Euskal Herri guztian aritu ginen.
Ostean, berriz, autobus publikoa gidatzen hasi zinen.
Bai, hala da. Orain bospasei urtetik hona autobus publikoa gidatzen nabil, Lurraldebusegaz.
Nolakoa da zuen lana?
Gurea erantzukizun handiko lana da, gauza askorengatik, gainera. Lehenik eta behin, pertsonak eramaten ditugulako. Bestalde, guk ordutegi batzuei jarraitu behar izaten diegu, eta, errepidean lan eginda, askotan zaila izaten da ordutegi horietara heltzea, eta askok ez dute hori ulertzen. Autobusek ordutegi bat izaten dute, baina, errepidean edozer gertatuz gero, atzerapena izan dezakegu eta jendeak ez du hori ulertzen.
Kasu horietan aurpegi txarrak ikusi behar izaten dituzue?
Autobus gidari batek denetarik ikusten du, baita aurpegi txarrak ere. Askotan badirudi jendeak ez dakiela bestearen lekuan jartzea zer den. Ordurako heltzen ez garenean, autobus gidaria izaten da gehien sufritzen duena, eta geltokira iritsi eta itxaroten dagoenak eskua nahita altxatu eta erlojuari begiratzea ez da gustagarria izaten gidariarentzat. Keinu horiek ez dira politak izaten, egia esan. Azken batean, guk eskaintzen dugun zerbitzuagaz jendea pozik egotea da gure helburua, eta horrelako gauzak ikusterakoan ez gara oso ondo sentitzen. Errepidean lan egitea ez da erraza izaten, eta edozer gauzak eragiten digu atzerapena.
Autobus gidarien lana lan arriskutsua dela esan daiteke, errepidean ordu asko egiten dituzue eta.
Errepidean jende asko gabiltza, eta arreta handiagaz ibili behar izaten dugu. Zentzumen guztiak erabili behar ditugu, erne ibili behar dugu, eta esperientziak asko egiten du gidatzerako orduan. Bestalde, denok kontziente izan behar dugu errepidea guztiona dela, eta gidari, txirrindulari zein oinezkoek errepidean elkarregaz bizi behar dugula. Ezinbestekoa da denok elkar errespetatzea. Horrez gain, jendeak errepidean arduratsuago jokatu beharko lukeela uste dut. Esaterako, jende asko mugikorraren menpe bizi da. Mugikorrak joz gero, askotan hartu egiten dute, gidatzen edo zebra-bide bat zeharkatzen ari badira ere.
Zerk gogaitarazten du gehien autobus gidari bat?
Lehen esan bezala, bidaiariek egiten dituzten keinu txarrek zein autobusera sartzen direnean ez agurtzeak asko gogaitarazten nau. Egia esan, euskaldunok badugu nolabaiteko ohitura bat agurtzeko, eta askok agurtzen gaituzte. Baina, ‘egun on’ edo ‘arratsalde on’ esan eta ez erantzuteak... Bestalde, autobus geltokietan autoa aparkatzen dutenek edo bigarren ilaran uzten dutenek ere neure onetik ateratzen naute.
Eta zerk betetzen du gehien autobus gidari bat?
Beti gustatu izan zait gidatzea, eta hori da nire lanetik gehien gustatzen zaidana. Bestalde, asko betetzen nau jende jatorragaz bidean bat egiteak eta horiek gure lana eskertzea. Ez dago ‘zeinen ondo ekarri gaituzun’ entzutea bezalakorik. Oso pozgarria izaten da. Lana ondo egiten dugunaren seinale da.
Ibilgailuetan une oro hobekuntzak egiten dabiltza. Gidatzerako orduan alde handia nabaritzen duzue?
Aldea izugarria da. Oraingo autobusak makina batzuk dira. Egia da makina horiek kontrolatzeko gai izan behar dugula gidariok, baina itzela da horrelako ibilgailuak gidatzea. Bestalde, bidaiarientzat ere askoz erosoagoak diren ibilgailuak dira oraingoak.
Oraingo autobusak seguruagoak dira?
Bai, segurtasun aldetik hobeto daude. Askoz ere seguruagoak dira. Esaterako, orain, autobus guztiek izaten dute segurtasun-uhala bidaia luzeetarako, eta baita hiri barruetan ibiltzen diren autobus askok ere. Horrek segurtasun ikaragarria eskaintzen dio bidaiariari.
Autobusa gidatzen ibili aurretik, autoeskolan irakasle lanetan aritutakoa zara.
Hala da, bai. 25 urtetik gora eman nituen autoeskolan irakasle bezala lanean. Garai hura oso polita izan zen, gazteei irakastea lan oso polita da eta. Garai hartan jendea irrikaz zegoen hamazortzi urte egin eta gidabaimena ateratzeko, eta gustua ematen zuen hasiberriekin autoagaz ibiltzea. Egia da azken urteetan autoeskolan beherakada bat nabaritu nuela, gazteek ez zeukaten-eta horrelako irrikarik gidatzeko. Baina argi daukat gazteei irakasten ibiltzea lan oso polita dela, eta ni neu behintzat asko asetu ninduen horrek.