Kepa Junkera: “Emozio handiz gogoratzen ditut Iurretako urriko domeka haiek”

Itsaso Esteban 2017ko mai. 12a, 13:10

“Garai hura ez da errepikatuko, eta nik aukera paregabea izan nuen ezagutzeko”, dio Kepa Junkerak, Jose Jabier Abasolo Tiliñok ekarritako argazki zaharrak esku artean dituela. Iurretako jai batzordeak antolatzen zuen aspaldiko musika-tresna jotzaileen jaialdia izan zen Junkeraren lehenengo plazetako bat, eta ANBOTOk solasaldian elkartu ditu musikari bilbotarra eta jaialdiaren bultzatzailea. Bihar, Sorginak taldeko kideek lagunduta arituko da Junkera Elorrioko Arriolan.

 

Bizkaiko antzinako musika-tresna jotzaileen egunetan ezagutu zenuten elkar?
Tiliño: Bai, ekimen haren harira ezagutu genuen elkar. 1974an hasi ginen antolatzen, eta urri hasiera guztietan egin genuen, 20 urtez. Parte hartzen zuten musikarientzat erreferentziazko lekua bilakatu zen.

15 urtegaz Iurretako jaialdira etortzen zineneko zer akordu daukazu, Kepa?  
Kepa Junkera: 80 urte ingurukoak izaten ziren jaialdiko parte-hartzailerik gehienak, baserri mundukoak, eta Zabaleta, Motriku eta ni gauza arraroa ginen han. Pentsa, euskaraz ere ez genekien... Emozio handiz gogoratzen ditut urriko lehenengo domeka haiek: oso giro polita egoten zen. Errepikaezina da hura. Asko miresten ditut sasoi hartako trikitilariak: nire ibilbidean oso garrantzitsua izan da jende hura ezagutu izana. Musikari haien energia harrapatzeko gai izanez gero, eskola paregabea zen Iurretakoa. Bitarteko gutxigaz itzelezko lana, benetan garrantzitsua, egin zuten Tiliñok eta Iurretako Jai Batzordeak. Ohartu ziren mundu hura aintzat hartu eta zaindu beharra zegoela. Logikoena izango zen estrategia kultural baten parte izatea altxor hura zaintzea, baina Tiliño bezalako herritarren borondateak eta lanak iraunarazi dute. Lider kulturalak dira, nire ustez.

Zelan hartu zintuzteten hain gazte izanda? Belaunaldien arteko talkarik izan zen?
K.J.: Uste dut hasiera batean lehiakidetzat ikusi nindutela, eta ez ninduten onartu. Ezagutu nindutenean, baina, ohartu ziren ni ez nindoala inori plazak kentzera, edo inorekin lehiatzera. Gertatu zen talka mundu hartako idiosinkrasia lehiakor horrekiko izan zen. Azkenean, baina, errespetatu nautela sentitzen dut.

Baina txapelketa batzuetan ere parte hartu zenuen.  
K.J.: Bai, eta oso gogoan daukat, adibidez, 1988ko txapelketa, Anoetakoa: 8.000 entzuleren aurrean jo genuen Motrik eta biok. Nire kanta orijinalekin joan nintzen, eta inprobisatu egin nuen, eta publikoaren parte bati ez zitzaion gustatu. Txistuka hasi zitzaizkidan... Ez da erraza zure herriaren parte bat zure kontra dagoela ikustea: egunkarietan gutunak idatzi zituzten egin nuenaren kontra, jotzen nuena ezin zela dantzatu esaten zidaten... Zailena ez da beste inork baino arinago jotzen ikastea, kritikek zugan eraginik izan barik bidean aurrera jarraitzea baizik. Tapiak irabazi zuen 1988ko txapelketa hura, eta hirugarren geratu nintzen ni. Saioaren osteko egunean, baina, sari gisa eman zioten trikitia niri ematera etorri zen Tapia Errekaldera.

Tiliño, zuk zelan ikusi zenuen Keparen eboluzio hori?  
T.: Hasieran niri ere kostatu zitzaidan aldaketa hain handia barneratzea, baina gero konturatu nintzen eboluzioa beharrezkoa dela.

Non hasi zinen jotzen?  
K.J.: Bilboko Basurtu auzoko Beti Jai Alain hasi nintzen euskal dantzak eta musika ezagutzen. Txistua eta alboka ikasi nituen lehenengo, baina gustukoen trikitia nuen. Ilusio eta afizio handia neukan trikitiarekiko. Sentimendu bat zen, bizi egiten nuen.

Zabaleta kideagaz Bizkaiko lehenengo trikiti eskola zabaldu zenuen Durangon.   
K.J.: Bai, 1985. urte inguruan hasi ginen Durangoko etxe batean eskolak ematen: Bizkaiko hainbat herritatik hasi ziren etortzen gure eskolak jasotzera. Gainera, Lekeition, Galdakaon, Bolibarren... ere ematen genituen eskolak.

Oskorri taldeagaz hasi zinen trikitia bestelako eremuetara zabaltzen...   
K.J.: Oskorrigaz jotzen hasi nintzenean mundu berri bat zabaldu zitzaidan. Zorte handia izan da eurekin jo ahal izatea, eta asko ikasi dut eurengandik ere. Modu bitxian ezagutu genuen elkar: Beti Jai Alaiko komunetan trikitia jotzen nenbilela entzun ninduen Oskorriko Natxo de Felipek. Harrituta geratu zen mutil gazte bat horrelako lekuan jotzen entzunda, eta hartu-emana hasi genuen.

Zer moduz doa ‘Maletak’ diskoaren bira? Gustura zaude?   
K.J.: Oso gustura nago, gogoko dudan lanetik bizitzea lortu dudalako. Lehen bezain motibatuta nabil sorkuntzan, eta sentitzen dut aurrekoengandik ikasi nuen guztia zelanbait bueltatu gura diodala jendeari. Bestalde, errealitatea da kulturgintzaren egoera ez dela onena: ez dauka behar duen babesik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!