“Pertsona batek beste bat ezagutzen duenean topikoak apurtu egiten dira”. Kultur-aniztasunaren Astearen helburua baldintza horiek errazteko “zubi lana” egitea da Zorione Fundazuri zinegotziak gaurko prentsaurrekoan azaldu duenez. Iurretako Udalak hainbat elkarteren laguntzagaz antolatu du. La Otra Mirada da elkarte horietako bat eta Marisa Parejo hango ordezkaria. “Iurretan kultura asko bizi dira baina ez dugu elkar ezagutzen. Jaialdia horretarako baliagarria izango dela espero dugu”, adierazi du. Iurretako 3.640 biztanleko errolda du eta %7.37 kanpokoa da, jakitera eman dutenez.
Hiru ekintza prestatu dituzte eta zapatukoa da nagusiena. Askondoko aterpe berriak egun osoko jaialdi bat hartzen duen lehenengo aldia izango da. Goizean tea eskainiko dute Marokoko Axura eta saharauien aldeko Rio de Oro elkarteek. Osteko tailerrak ere elkarlanaren fruitua izango dira. Eguerdian bazkaritara batuko dira. Elkarte bakoitzak arroza prestatuko du nork bere herrialdeko errezetagaz. Bazkaritarako txartelak euro batean eskuratu daitezke Ibarretxe kultur etxean hilaren 10era arte. Eguna dantza saio batekin amaituko dute. Besteak beste, Afrikako Mali herrialdeko dantza bi eskainiko ditu hemen bizi diren maliarrak batzen dituen Fasoden elkarteak. “Bi etnia desberdinetako dantzak izango dira. Maliko iparraldeko eta hegoaldeko bana. 70 bat lagun etorriko dira, beharbada gehiago”, adierazi du Souleymane Konate elkarteko kideak. Gura dutenek Afrikako dantzak ikasteko aukera izango dute.
Dokumentala eta kale antzerkia
Maiatzaren 18an, 18:00etan, Io sto con la sposa izeneko dokumentala eskainiko dute Ibarretxen. Ondoren, Ongi Etorri errefuxiatuak elkarteko kideek dinamizatuta gai horren gaineko iritziak ematera gonbidatuko ditiuzte bertaratzen direnak.
Maiatzaren 19an, 19:30ean, Tras la frontera kale antzerkia izango da ikusgai Askondon. Bere herrialdea uztera behartuta dagoen pertsonei buruzko hausnarketa proposatzen du Plataforma Tirante taldeak.
EGITARAUA: MAIATZAK 13
11:00; Topaketa.
11:30; Tea.
12:00; Tailerrak haurrentzako zein nagusientzako.
12:30 Batukada.
14:30; Bazkaria.
16:00; Kafea.
16:30; Dantzak.
MAIATZAK 18
18:00; Zine foruma: Io sto con la sposa. Ibarretxe kultur etxean.
MAIATZAK 19
19:30; Kale antzerkia Askondon: Tras la frontera (Plataforma Tirante)