Urduri zaudete?
Itsasne Aldekoa-Otalora: Apur bat, bai.
Jon Badiola: Emozioagaz, urduri baino gehiago.
Dena duzue prest? Era berezian prestatu zarete?
I.A.O: Gutxi gorabehera, bai, arroparen batzuk faltan.
J.B.: Egia esan, protagonistak garen arren, antzezpenean gure parte-hartzea ez da oso aktiboa. Notarioak askoz gehiago du prestatzeko.
Nola ospatuko dute eztei eguna Luciak eta Juanek?
J. B.: Oromiñotik kalejiran irtengo gara, 12:00etan. San Markorainoko bidea egingo dugu. Idiek tiratuko duten gurdiagaz joango gara, familiakoekin, herritarrekin, dantzariekin... trikitilariek alaituko dute kalejira. Guztira, 150 bat lagun batuko gara: 120 bat nagusi eta umeak beste 30. Dantzarien ostean bazkaria izango dugu.
I.A.O.: Hala ere, ez dira denak joango jarraigoan. Nagusienek San Markon itxarongo digute. Kilometro eta erdi inguru egingo dugu jarraigoan, eta noizean behin tiroa botako dute eskopetagaz, ospakizuna dela-eta.
Nola animatu zineten Euskal Ezkontzan parte hartzera?
I.A.O: Jai Batzordekoek eskatuta animatu nintzen, auzoarengatik. Oso lotsatia naiz, eta berez ez zitzaidan aterako.
J. B.: Berdin. Ez dut uste inor norbere ekimenez animatzen denik. Bigarren plano batean gusturago sentitzen zara. Baina behin eskatuta... (barrez)
Lucia eta Juan ezkonduko dira. Itsasne eta Jon prest daude halako pausoa emateko?
I.A.O: Ez. Justo Alberdik esan zidan —Tomas de Areito notarioa izango da bera— ezkondu gura banuen bidea ipiniko zuela: ezkontza-hitzarmena irakurriko zuela eta zinegotzi bat ekarrita egingo genuela dena. Baina, ez, ez!
J. B.: Oraingoz ez! (barrez).
2002an hasita, bost urterik behin ospatzen duzue Euskal Ezkontza. Aurretik parte hartu izan duzue?
J.B.: Bai. Azkenengoan dantzan egin nuen, eta aurreko bietan herritar lez.
I.A.O: Aurten lehenengoz hartuko dut parte Oromiñon. Iaz Abadiñon egin zen Euskal Ezkontzan parte hartu nuen, herritar moduan.
Nola bizi duzue Euskal Ezkontza Oromiñon?
J.B.: San Marko jaietarako egitarau berdintsua izaten dugu urtero, baina Euskal Ezkontza egokitzen denean, hori erdian jartzen da. Denon parte-hartze handiagoa eskatzen du. Gainera, aurretik batu behar dira gurdirako apaingarriak ere. Gertakari bat da Oromiñorako behintzat. Desberdina da eguna, oso parte-hartzailea. Pertsonaia asko daude, eta jendea behar da. Janzkerak, giroa... egun berezia da.
I.A.O.: Gaur egun auzoan ez gara hainbeste. Batean eta bestean bizi dira asko. Baina egun horretan horiek guztiak etortzen dira. Aurten, Etxanotik 24 lagun datoz, autobusean.
Ezkongaiak zarete protagonistak, baina hainbat dira pertsonaiak.
J.B.: Bai. Ezkongaien gurasoak, notarioa eta haren emaztea, Ameriketako tio, medikua eta maistra ere badoaz jarraigoan. Aurten, aitita eta amama ez dira egongo.
I.A.O.: Oromiñoko baserri bateko ezkontza-hitzarmen originalak erabiliko dira ezkontzarako. 1902ko apirilaren 3koak dira (Justo aritu da hori moldatzen).
Dotea lotuko zenuten...
I.A.O.: 1.040 dukat, 12 ardi, txakurra, astoa eta nire mailari egokitutako jantziak jarriko ditu Luciak.
J.B.: Baserrian dauden hiru behi, lau gela, lau ohe, arto anegak, nekazaritzako tresnak, garia jotzeko tresnak eta lurrak, Juanek.