Iurretako Hiri Proba sortu zuten Atletika elkarteko kideak omenduko dituzte aurten

Joseba Derteano 2017ko api. 6a, 12:59

Juan Ignacio Hernández, Iurretako alkate Iñaki Totorikaguena eta Cristina Petite gaurko aurkezpean.

Apirilaren 23ko domekan egingo dute 37.aldia beteko duen lasterketa.

Azken 12 bat urteetan Bidezabal Atletismo Klubak antolatu du, udalaren laguntzagaz, Iurretako Hiri Proba. Baina aurreko aldi guztiak Atletika elkartearen ardura izan ziren, harik eta desagertu zen arte. Apirilaren 23an jokatuko den aurtengo aldian sortzaileei omenaldia egingo dietela esan dute gaur proba aurkezteko eskainitako prentsaurrekoan. “Haiek sortu ez balute gaur gu ez gineteke hemen egongo”, azaldu du Bidezabaleko Juan Ignacio Hernándezek. Oroigarri bana emango diete Faustino Sanchezi eta elkarteko beste hainbat kideri.

Herritarrei proban parte hartzeko deia egin diete. “Goi mailako korrikalariak ari diren lasterketa berean aritzeko aukera egongo da. Ni korrikan ibiltzen nintzenean horrelako probak ziren ilusiorik handiena egiten zidatenak”, gogoratu du Hernándezek. Elite mailan 10 eta 5 kilometroko lasterketa bana izango dira. Askotariko adinetarako (kadete, kimu…) lasterketak ere antolatuko dituzte, umeentzako (2011tik hona jaiotakoak) bat tartean. Guztira 350 bat parte hartzaile batzea itxaroten dute. Izen-ematea www.bidezabal.org eta www.kirol probak.com  webguneen bidez egin daiteke.

Aurten Maspe kalean izango da irteera eta helmuga Askondo kaleko aterpe berrian jarri gura dute.

Estatu mailako 5. lasterketarik garrantzitsuena

Espainiako Atletismo Federazioaren arabera Iurretako Hiri Proba estatu mailako bosgarren lasterketa garrantzitsuena da errepidean. Toki horretan ageri da urtero osatzen duten zerrendan. Goi mailako korrikalariak ekartzen dituzte urtero eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Gizonetan Fernando Carro extremadurarra, Daniel Mateo soriarra (iazko irabazlea) eta Ricardo Rosado madrildarra etorriko dira, besteak beste. Emakumeetan Elena Loyo arabarrak (maratoi erdien Espainiako txapeldunordea) kantabriako korrikalariak izango ditu arerio nagusi: Paula Gonzalez, Kaoutar Boulain (iazko irabazlea) eta Irene Pelayo (maratoi erdien Espainiako txapelduna).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!