Zuzeneko musika auzoetara zabalduko duen programazio berria martxan

Iurretako alkateak, Pili Jimenez kultur teknikariak eta Usue Martinez eta Nerea Alza musikariek aurkeztu dute egitaraua.

Auzorik auzo izenagaz ipini dute martxan zuzeneko musika Ibarretxe kultur etxetik eta herrigunetik haratago, auzoetara hedatuko dituen programazio berria. Martxoaren 11n izango da lehenengo hitzordua. Iaz BiZi diskoa aurkeztu zuen Etxe bakarlari berriztarra arituko da, 18:00etatik aurrera, Oromiño auzoan.

Ibarretxe kultur etxean aurkeztu dute, gaur, Etxeren zapatuko emanaldia eta beste bi kontzertu ekarriko dituen egitaraua. Apirilaren 1ean, Auzorik auzo egitarauko aurtengo azken emanaldia eskainiko duten Usue Martinez durangarrak eta Nerea Alza iurretarrak parte hartu dute, gaur, egitarauaren aurkezpenean.

Lehenago bakoitza bere bakarkako proiektuetan ibili dira Martinez eta Alza, eta duela urtebete elkartu ziren. "Elkarrekin oso ondo moldatzen garelako eta harreman oso polita daukagulako, bide berriari elkarregaz ekitea erabaki genuen", kontatu du Usue Martinezek. Bi ahots eta bi gitarragaz, emanaldi akustikoa eskainiko dute musikari gazteek, apirilaren 1ean, Goiuria auzoan, 18:00etan. 

Etxeren eta Martinez eta Alzaren emanaldiez gain, Xabi Aburruzaga trikitilariarena ere jasotzen du Iurretako kultur programazio berri honek. Orozketan arituko da Aburruzaga, martxoaren 18an, 18:00etan. Iaz kaleratu zuen Keltik diskoa aurkeztuko du Irkus Ansotegi pandelojoleagaz batera.

"Ohituta gaude kultur jarduera Ibarretxe areto barruan edo herrigunean kokatzera, eta egitarau honegaz musika auzoetara gerturatzea da helburua", adierazi du Iñaki Totorikaguena alkateak programazio berriaren aurkezpenean. Azaldu dutenez, Auzorik auzo egitarauko hiru emanaldien ostean, luntxa eskainiko diete kontzertura gerturatzen diren entzuleei.

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.