'Antzerkia aretoan' egitaraua abiatuko dute, etzi

Itsaso Esteban 2017ko ots. 15a, 12:42

Maiatzera bitartean Iurretara zazpi antzerki emanaldi ekarriko dituen programazioa aurkeztu dute, Ibarretxe kultur etxean, gaur. Iñigo Salineroren Hay dos vidas, una buena y una mala bakarrizketak zabalduko du programazio hori, otsailaren 17an, 19:00etan.

Iñaki Totorikaguena alkateak, Pili Jimenez kultur teknikariak eta Marijo González Anderebide elkarteko kideak aurkeztu dute aurten hirugarren urtez eskainiko duten Antzerkia aretoan programazioa.

Totorikaguenak azaldu duenez, azken urteetan bezala, Anderebide emakume elkartearen laguntzagaz antolatu du udalak egitarau hori: datozen hileetan Ibarretxe kultur etxean ikusgai izango diren antzezlanen hautaketa egiten lagundu dute Anderebideko kideek, eta emanaldi egunetan ere kolaboratuko dute antolakuntza lanetan. Emakune elkartearen eskutik, baita, "kontziliazioa" bultzatzea helburu duen eskaintza egingo dute, aurten, lehenengoz, antzerki programazio honi lotuta. Gurasoak antzerkian dauden bitartean, 3 eta 12 urte arteko umeak ludotekan sormena lantzeko tailerretan jolasten egoteko aukera eskainiko dute.

Ikuslego helduari zein umeei zuzenduriko antzezlan bana eskainiko dute, datozen hileotan, Ibarretxe kultur etxean. Doakoak izango dira emanaldiak, baina saioa baino bi aste lehenago eskuragai ipiniko dituzten gonbidapenak beharko dira emanaldira sartzeko. Iurretarrek lehentasuna izango dute gonbidapen horiek eskuratzeko, eta kultur etxearen edukiera bete arte banatuko dituzte.

Emanaldien agenda:

Otsailaren 17an, 19:00etan: Tipia Estudios taldearen Hay dos vidas, una buena y una mala.

Martxoaren 10ean, 17:00etan: Patata tropikala taldearen Azken eguzkilorea umeentzako antzezlana.

Martxoaren 17an, 19:00etan: Iris Teatro taldearen Frida, viva la vida.

Apirilaren 7an, 19:00etan: La Sombra Teatro taldearen La Percha.

Apirilaren 21ean, 17:00etan: Glu-Glu taldearen Ahatetxo itsusia umeentzako antzezlana.

Maiatzaren 5ean, 19:00etan: Ttipia Produkzioak taldearen Nomofobiak, sarean kateatuak.

Maiatzaren 12an, 17:00etan: Eidabe taldearen Baserrian amets umeentzako antzezlana.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!