“Lehiaketaz haratago, mendizaletasuna bultzatzea eta bide batez Euskal Herria bere osotasunean ezagutara ematea” dira erronkaren helburuak Zaldai Mendi Taldeko Erlantz Zaldunbidek azaldu duenez. “Urrun joan beharrik gabe baditugu toki politak”, gehitu du. Horrekin batera, “Gurasoak euren seme-alabekin eta familia giroan mendira joateko ohitura” sustatu gura dute.
Erronka gauzatu gura duenak, martxoaren 1etik azaroaren 30era arte dauden bederatzi hilabeteetan aurrez emandako zerrenda bateko mendi kopuru jakin bat igo beharko du gutxienez. Egun bakoitzeko mendi bakarra igo ahalko da. 18 urtetik gorakoak, gutxienez, bost herrialdetako hamar tontor igo beharko dituzte. 18 urtetik beherakoek, berriz, gutxienez hiru herrialdetako bost mendi.
Erronka honetan Zaldaiko bazkide zein bazkide ez diren adin guztietako mendizaleek parte hartu dezakete. Horretarako nahikoa da erronkak irauten duen bitartean zaldai@hotmail.com helbidera idaztea ondoko datuekin: izena, abizenak, adina eta herria. Izena ematean Zaldaiko txartelak bidaliko dituzte, sinbolikoki bada ere txartelen erabilpena sustatzeko.
Erronka gauzatu dela erakusteko igo den tontor bakoitzeko argazkia bidali beharko da. Horretarako modu bi daude: aurrez aipatutako helbide elektronikora bidaltzea ala Facebook-en duten orrialdean #zaldaimendierronka2017 esaldiarekin argitaratzea. Mendia igotzen den bakoitzean zein denak igo ostean eta aldi bakarrean bidali daitezke argazkiak.
Zaldaik lehenengo mendi astea antolatuko du abenduan eta aste horren barruan oroigarri bat emango diete erronka betetzea lortzen duten guztiei.
ERRONKAREN BARRUAN SARTZEN DIREN MENDIAK
Bizkaia: Anboto (1.331 metro), Lekanda (1.309), Iturrigorri (1.073), Alluitz (1.034), Gallanda (524)
Gipuzkoa: Aitxuri (1.551 metro), Ganboa (1.413), Txindoki (1.342), Balerdi (1.193), Hernio (1.078)
Araba: Aratz (1.445 metro), San Tirso (1.431), Peña del Castillo (1.309), Toloño (1.277), Eskutxi (1.185)
Nafarroa: Hiru Erregeen Mahaia (2.446 metro), Arlas (2.043), Kartxela (1.979), Beriain (1.493), Saioa (1.418)
Ipar Euskal Herria: Orhi (2.019 metro), Otsogorrigaina (1.920), Binbaleta (1.757), Iparla (1.049), Larhun (900)
Pirinioak: Aneto (3.404 metro), Monte Perdido (3.348), Maladeta (3.312), Vignemale (3.299), Tallon (3.144).